ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/05 14:58

Urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean izan da aurtengo Gazte Topagune Sozialista, Altsasun (Nafarroa) orain ere. Hiru eguneko kanpaldi baten eskutik, askotariko hitzaldi politikoak, manifestazio bat, elkartasun-ekintzak, jarduerak eta ikuskizunak egin dituzte, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA) antolatuta. Denera, 3.000 gazte baino gehiago izan dira bertan.

"Hitzaldiak eta aldarrikapenak egon dira Gazte Topagune Sozialistaren erdigunean", nabarmendu dute antolatzaileek: "Aktualitate politikoaz eta ditugun erronkez jardun dugu. Era berean, Israelgo Estatu terrorista salatu eta Palestinako eta Libanoko herri langileei elkartasuna adierazi diegu, bai eta Valentziako biktimei ere". Larunbatean egindako manifestazioan, gainera, "gerra eta faxismoaren aurrean gazteok sozialismora batzeko deia zabaldu" zutela ekarri dute gogora.

Milaka gazte, sozialismoaren alde lan egiteko prest

"Argi adierazi dugu egunotan Euskal Herriko milaka gazte mezu erreakzionario eta atzerakoiei aurre egiteko prest gaudela, eta sozialismoaren alde borroka egingo dugula", aldarrikatu dute GKSk eta IAk, gaur argitaratutako balorazio-oharrean: "Milaka gazteren elkargunea izan da Topagunea, eta egun hauek hausnarketarako eta komunitate politikoa eraikitzeko baliatu ditugu". Hala, Topagunea "borrokarako espazio bihurtu" dutelakoan daude.

"Guk antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Egun hauetan adierazi dugun bezala, krisiak, gerrak eta oldarraldi erreakzionarioak ezaugarritutako testuinguru honetan, gazte langileok lehen lerroan egongo gara", gaineratu dute.

Poliziaren jazarpena

Bestalde, Altsasun jasandako jazarpen poliziala salatu dute Topagunearen antolatzaileek. Izan ere, Nafarroako Foruzaingoak egun guztietan jarri ditu kontrolak egitarauari lotutako hainbat gunetan, eta pertsona ugari miatu eta identifikatu dituzte poliziek. GKSk eta IAk seinalatu dutenez, "beste behin ere, sozialismoaren aldeko militantzia jazartzeko funtzioa duela erakutsi du" Poliziak.

NO HAY COMENTARIOS