ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Periódico Extremadura
2024/09/05 09:49

Espainiako Poliziako Barne-Arazoetako Unitateak eta Extremadurako hiriburuko Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiak ikerketa bat izan dute martxan, Méridako Estupefazienteen Taldeak 2018tik 2021era bitartean egindako lanari buruz. 2021ean atxilotu zituzten Espainiako Poliziako sei agente: Estupefazienteen Taldea osatzen zuten bost poliziak, eta seigarren bat. Euren jarduna ikertu dute azken urteetan, eta haiek auzipetzea erabaki du epaileak.

"Talde kriminal" gisa jardutea leporatu die Méridako polizia horiei, hainbat delitu tarteko. Itxura denez, haxixarekin trafikatzea, lapurretan aritzea eta torturak egitea egotzi die. Plazaratu den informazioak lagun dezake argitzen zer zikinduta dauden polizia-indarren eskuak droga-trafikoari dagokionez ere, eta nola aritzen diren.

Guztira, Espainiako Poliziako hamar polizia edo polizia-ohi egon dira inputatuta auzi honetan, baina azkenean ezin izan dituzte horietatik lau auzipetu, ez dutelako horretarako nahikoa froga lortu. Beraz, une honetan, sei dira inputatuak.

Barru-barruraino

2023an hainbat hedabidek aurreratu zutenez, frogatuta geratu da Poliziako Estupefazienteen Taldea barru-barruraino sartuta egon dela droga-trafikoan eta negozioan. Marihuana-plantazioak eta horiei lotutako irabaziak partekatu dituzte Méridako trafikatzaileekin, eta Poliziaren lanaren berri eman diete, jakinaren gainean egon zitezen ikerketaren bat edo interbentzioren bat martxan baldin bazegoen.

Ez hori bakarrik: droga-trafikoaren kontrako esku-hartzeren batean idazkari judiziala presente ez bazegoen, trafikatzaileen dirua lapurtzen aritu dira poliziak, eta materialetan milaka euro lapurtzea ere egotzi diete. Diru horrekin, marihuana-plantazioak finantzatu dituzte eta negozioak egin dituzte informazioa eman izan dieten pertsonekin.

Gainera, ikerketak erakutsi du droga-trafikoari lotutako entregak eragin eta hitzartu dituztela aipatutako agenteek, atxiloketak eta konfiskatzeak lortzeko. Epaileak ziurtzat jo du hainbat "informatzaile, kolaboratzaile eta pertsona babestu" izan dituztela poliziek. Hala, laguntzaile horiek emandako informazioari esker esku hartu izan dute zenbait trafikatzaileren kontra, baina babestutako horien kontra egin gabe, eta horien negozioak baimenduta.

Eta ez baimendu soilik: ikerketan garbi geratu da narkotrafikatzaileekin negozioak partekatu dituela Poliziak, nagusiki, marihuana landatzen eta horren trafikoan.

Torturak

Estupefazienteen Taldea Javier G. agenteak gidatzen zuela ondorioztatu du epaileak; Kanariarra (El Canario, gazteleraz) deitzen diote. Egindako ikerketaren arabera, auzipetutako poliziek lasai asko hitz egin izan dute euren delituez; bai euren artean, bai narkotrafikatzaileekin. Tartean, Méridan atxilotutako pertsona bati Kanariarrak egindako torturen inguruan aritu izan dira. Javier G. agentea, jakin zuenean atxilotuak esan zuela bazuela Poliziaren "negozioen" berri, kalabozoetara jaitsi zen eta gizonezkoa jipoitu zuen.

Gutxienez beste tortura kasu baten berri izan du epaileak, eta azaldu du auzipetutako beste bi agentek ez zutela ezer egin tratu txarrak geratzeko, bertan egon arren.

NO HAY COMENTARIOS