ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/14 09:16

Dirudienez, 50. orriko hainbat dokumentu dira filtraturikoak, eta AEBetako "goi-kargu" bati zuzenduriko briefing moduko bat osatzen dute. New York Times egunkariaren arabera, dena den, ehunka funtzionariok daukate sarbidea halako edukietara.

Ukrainako gerrari buruz hitz egiten da orri horietan, baita hainbat herrialderen mugimendu militarrei buruz ere; tartean, Txina eta bere aliatuak. Errusia, Ukraina, Kanada, Txina, Israel, Egipto, Erresuma Batua edota Hego Korea aipatzen dira, eta hainbat gauza uzten dira argi: AEBek informazio zehatza daukate aliatuen eta ez-aliatuen inguruan.

Mendebaldeko indar bereziak, Ukrainan jada

Errusiak aurretik seinalatu izan duen modura, badirudi baieztatutako eta frogatutako errealitate bat dela jada: NATOren parte diren herrialdeetako indar militar bereziak Ukrainan lanean ari dira, Ukrainako Armadarekin besoz beso. Badirudi dokumentuetan ez dela informazio zehatzik ematen eliteko soldadu horien jardunaren eta kokapenaren inguruan, baina Ukrainaren "udaberriko kontraeraso" posible horren prestaketa-lanekin lotu dute hori guztia hainbat iturrik. Errusiaren kontrolpeko zenbait lurralderen kontrola eskuratzea izango litzateke operazio horren helburuetako bat, antza.

Mendebaldeko herrialdeek Ukrainako gerran daukaten parte-hartzea, beraz, garbi dago ez dela armen bidalketen bidezkoa soilik: soldaduak ere bidali dituzte, zuzenean esku har dezaten. Martxoaren 23koa den dokumentu batek dioenez, Erresuma Batukoak dira gaur-gaurkoz Ukrainan dauden militar berezi gehienak; 50, hain justu. Letoniako hamazazpi, Frantziako hamabost eta AEBetako hamalau soldadu berezi ere egongo lirateke Ukrainan, bai eta Holandako bat ere.

Mendebaldeko aliatuek Ukrainari bidalitako tankeen, ibilgailu blindatuen eta orokorrean arma guztien inguruan ere hitz egiten da argia ikusi duten orrietan.

Galdera-ikurrak Ukrainaren "kontraerasoari" buruz

Ukraina ere, une honetan, brigada berriak prestatzen ari dela azaltzen da dokumentuetan: hamabi brigada, zehazki, 253 tankerekin eta 1.500 ibilgailu blindaturekin. Hala ere, AEBek zalantzan jartzen dute Kievek "kontraeraso" posible hori arrakastaz gauzatzeko daukan gaitasuna; besteak beste, "soldaduak, munizioak eta ekipoak kontzentratzeko" dituen zailtasunak direla-eta. Aire-defentsarako Ukrainak dituen zailtasunak ere aipatzen dituzte AEBek, misil gabe gera daitekeela iradokita.

Badirudi "Pentagonoko paperen" agerpenak eta AEBen partetik agerian geratu den mesfidantzak izan dutela eragina jada: hainbat iturrik diote Ukrainak zenbait mugimendu egin dituela, dokumentuetan seinalatzen diren bere hainbat "ahulgune" indartzeko asmoz.

Espioitza-lanak

Beste behin, AEBek etengabe egindako espioitza-lanen emaitzetako batzuk ikusi ahal izan dira filtrazio honekin. Ikusi da, esaterako, Errusiako inteligentzia-zerbitzuen informazioa lortu dutela ustez AEBek, eta izan dutela Errusiaren mugimenduen eta asmoen berri. Hala ere, beren aliatu Ukraina ere zelatatu dute: badirudi Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea espiatu dutela amerikarrek, Kievek emandakoa baino informazio gehiago nahi omen dutelako bere mugimenduei buruz.

Egipto, Hego Korea, Israel, Kanada eta Txina

Beste herrialde batzuei buruzko informazioa ere ageri da "Pentagonoko paperetan". Esaterako, Egiptoren parte-hartzeari buruz mintzatzen dira AEBak; gatazka honetan ustez "neutrala" den herrialde bat. AEBen arabera, Errusiarentzat 40.000 suziri ekoizteko asmoa zeukan Egiptok. Ez dute argitu, baina, zertan geratu den aukera hori; Egiptoko autoritateek gezurtatu egin dute, eta gerrako "bi aldeekin" mantentzen duten "distantziakidetasuna" nabarmendu dute. AEBen "segurtasun-laguntzak" jasotzen ditu urtero Egiptok, urtean 1.000 milioi dolarrekoak, antza.

Hego Koreari dagokionez, filtraturiko dokumentuetan ulertzera ematen da zatiketa eta iritzi kontrajarriak sortu dituela Ukrainari armak emateko mugimenduak. Ukrainara armak bidaltzeko AEBek egindako presioaz hitz egin omen zuten Hego Koreako hainbat segurtasun-kontseilarik, dokumentuetan aipatzen den elkarrizketa batean.

Israelen inguruan ere mintzo dira AEBak. Zenbait iturriren esanetan, Mosadeko buruzagiek (kanpoko espioitza-zerbitzuak) sustatu egin zituzten gobernuaren erreforma judizialaren kontrako protestak. Dirudienez, Benjamin Netanyahu buru duen gobernuak mahaira ateratako erreformaren kontra protesta egitera deitu zituzten agenteak nahiz herritarrak. Israelek ukatu egin du baieztapen hori.

Kanadari dagokionez, bestalde, "eraso informatiko" batzuk izendatzen dituzte "Pentagonoko paperetan". Errusiako espioitzarekin loturikoak izango lirateke eraso horiek, eta herrialde horretako gasbide enpresa bat arriskuan jartzea izango litzateke asmoa.

Txina ere, nola ez, aipatzen da dokumentuetan. Gaur-gaurkoz, Errusiari armak bidaltzea omen da Txinak jarritako "marra gorria", baina badirudi prest dagoela marra hori gainditzeko, Ukrainak Errusiaren kontrolpeko lurretan esku hartzen badu NATOren armak erabilita. Washington Post-en arabera, otsailaren 25ean arma hipersonikoekin frogak egin zituen Txinak. Misil horietako batek 12 minutuz egin zuen hegan, 2.100 kilometroko distantziara.

NO HAY COMENTARIOS