ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/25 12:33

Euskal Herrian, indarkeria matxista kasu ugariren berri eman dute azken asteetan, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak gogorarazi duenez: "Prostituziora behartutako emakumeak Donostian, Gasteizen eta Barakaldon; eraildako bi emakume Bilbon eta Iruñean; sexu-erasoak Erandion, Bilbon, Ortuellan, Tolosan, Uharten eta Lazkaon, besteak beste; lan-baldintza penagarriak eta jabeek gauzaturiko sexu-erasoak Getxoko taberna batean", eta abar.

Eraso matxistak "egunerokoaren parte bihurtu" direla salatu du Itaiak, eta "zenbakiak edo kopuruak balira bezala zabaltzen" direla. "Indarkeria kasuen normalizazioak matxismoaren aurkako borroka apaltzea eragiten du, bere inpunitatea areagotuz", ohartarazi du: "Horregatik diogu kale mailako erantzuna aktibatzea ezinbestekoa dela".

"Egoera larria dela uste dugu, eta, emakumeon aurkako jarreren normalizazioari lehenbailehen erantzun behar zaiola", gaineratu du: "Itaiatik, argi utzi nahi dugu urgentziazko auzia dela matxismoaren inpunitatearen gorakadaren aurka borrokatzea".

Zentzu horretan, hainbat protesta-ekintza egin ditu berriki Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, azken eraso matxistak salatzeko. Tartean, hainbat komisariaren aurrean elkarretaratu dira Itaiako kide batzuk, azken hilabeteetan, asko izan baitira polizien edo polizia ohien partetik izan diren eta argitaratu diren eraso matxistak; tartean, Bilboko (Bizkaia) Txurdinagan.

Olatu erreakzionarioa

Itaiak, bestalde, kezkaz nabarmendu du asko direla "matxismoaren aurrean beste aldera begiratzen dutenak, edota modu zuzenean matxismoa bera ukatzen dutenak". "Kontrara, egunez egun salatzen diren eraso horiek agerian uzten dute indarkeria matxista, oraindik orain, emakumeok jasaten dugun zapalkuntza gordinenetarikoa dela", argitu du.

"Ideia erreakzionarioen, matxismoaren normalizazioaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka antolatzera" deitu du Emakumeon Antolakunde Sozialistak, eta, horri lotuta, prentsaurreko bat egingo du datorren astelehenean, hilaren 28an.

NO HAY COMENTARIOS