Hilabete eskas geratzen da Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako, eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak horren harira egin du agerraldi jendetsu bat joan den asteburuan. Ehundik gora emakume elkartu dira, Martxoaren 8ari begira, borrokarako dei bat eta aldarri bat egiteko: "Azken hilabeteetan areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan, emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu". Aurreratu du, azken urteetan egin duen modura, mobilizazio ugari antolatuko dituela Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako; aurrerago emango du deialdi zehatzen berri. Baina, horretaz gain, gogor egingo du lan hilabete honetan zehar.
"Azken hamarkadetan, estatuko instituzioek beraien aurpegi zuriketarako erabili dute Martxoaren 8a. Ohikoak bihurtu dira berdintasunaren aldeko aldarriak alderdi politikoen mitinetan zein enpresaburuen agerraldietan", Itaiak salatu duenez, baina seinalatu du "kapitalismoaren babesleek ez dutela inolako intentziorik emakume langileok bizi dugun zapalkuntzarekin amaitzeko". Horri guztiari kontrajarri zaio antolakundea, aldarrikatuz bere egiten duela "azken mendeetako borroka iraultzaileen lekukoa", eta, hain justu, horixe aldarrikatu nahi duela datorren Martxoaren 8an: "Emakumeon zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikoarekin amaituko duen gizartea eraiki nahi dugula, eta [...], borroka horretan, emakumeok lehen lerroan egon behar dugula".
Ofentsiba orokorra eta jarrera erreakzionarioen gorakada
Itaiak nabarmendu du "kalera ateratzea eta borrokatzea eskatzen" duela gaur egungo egoerak: "Areagotzen eta normalizatzen ari dira ideia erreakzionarioak eta matxistak; kalean, instituzioetan zein sare sozialetan". Horren adibidetzat hartu ditu "emakumeon eskubideon kontrako neurriak proposatzen dituzten alderdi eskuindarrak, erasotuen hitza zalantzan jartzen duten epaileak, kalean matxismoa bera ukatzen duten jarrerak, emakumeok etxean geratu behar garela edo gizonen nahiei erantzuteko gaudela dioten influencer-ak" eta abar. Agerraldian ohartarazi duenez, "emakumea bigarren mailako subjektu izatea oraindik eta gehiago normalizatzen ari da".
Gaur egungo egoeraren larritasuna, baina, prozesu orokor baten barruan kokatu du Itaiak: "Badira urteak langileon eta konkretuki emakumeon aurkako ofentsiba ekonomikoa eta kulturala areagotu dela. Krisi kapitalista betean, langileok gero eta bizi-baldintza okerragoak ditugu; besteak beste, lan ezegonkorrak, lanaldi partzialak eta bizitzaren garestitzea". Testuinguru horretan, emakume langileen egoerari egin dio azpimarra antolakundeak, "baldintza penagarri horiek familiako zaintza-lanekin uztartzera" behartuta daudelako. Eta, horri guztiari, autoritarismoaren gorakada gehitu dio gainera: "Gobernuek gero eta neurri autoritarioagoak hartu dituzte".
"Ezkerreko gobernuek azken hamarkadetan egindako promesa faltsuak agerian geratu dira, eta ezintasun horrek sorturiko desatxikimenduaren aurrean, eskuineko ideien gorakada agerikoa izaten ari da. Ideologia matxistak eta baztertzaileak izugarrizko indarra hartzen ari dira", diote Itaiako kideek: "Emakumeon zapalkuntza ukatu, eta, era berean, hori betikotu nahi duten ahotsak gero eta nabariagoak dira".
"Matxismoaren aurka kaleak hartu behar ditugu"
"Posizionatzeko momentua da", erreibindikatu du Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Egunerokoan mundu-mailan milaka emakumek jasaten duten indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurrean", bi aukera posible ikusten ditu: "Emakume langileon zapalkuntzaren konplize izaten jarraitzea edo matxismoaren aurka borrokatzea". Eta, horiek horrela, Itaiak argi du zein den bere konpromisoa: "Jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu". Gaineratu du beharrezkoa dela "gure auzoetan eta herrietan erantzun irmoak ematea eta kaleak hartzea", eta Martxoaren 8a horretarako aukera ezin hobea izango delakoan dago.
Egun horren aurretik, hilabete osoan zehar egingo du borrokara batzeko deia Itaiak: lan egingo du "matxismoaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan-sektore feminizatuetako lan-baldintzen eta eskubideen alde, zein emakumeok sexu-objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualizazioaren aurka". Azpimarratu du "sozialismoak bakarrik berma dezakeela emakumeon askapena" eta "emakume langileok lehen lerroan egotea ezinbesteko premisa dela sozialismoaren eraikuntza gauzatzeko". "Emakumeok lehen lerroa hartu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatu behar dugu", aldarrikatu du.