Gaur geratu da aske Marina Bernado Herrialde Katalanetako preso politikoa: baldintzapeko askatasuna ezarri diote Madrilen epailearen aurretik pasatu ondoren.
Bernadok 2000ko hamarkadaren hasieran egin behar izan zuen ihes Bartzelonatik, eta 2006ko azaroan atxilotu zuten Frantziako Estatuan. ETArekin kolaboratzea egotzita hamazazpi urtera zigortu zuen Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Hamahiru urte preso eta urrunduta egin ondoren, ostiralean Renneseko espetxetik Espainiaratu zuten EPPK-ko kidea.
Rescat Herrialde Katalanetako Preso
Politikoen Babes Taldeak eta beste hainbat eragilek ongi etorria eman
diote Bernadori. Rescatek adierazi du lanean jarraituko dutela Lola
Lopez preso politikoaren askatasunaren alde –preso dute 2001ean
Frantzian atxilotu zutenetik, iaz Espainiaratu zuten-.