ACTUALIDAD / Represión

Marieneko lurrak husteko agindua eman du Baionako epaile batek

Bouygues promotoreak ia 100 etxebizitza eraiki nahi ditu bertan, baina, horien defentsan, hainbat kolektibok hartu dituzte lurrak. Urteak dira Marieneko lurren defentsa hasi zenetik.
2026eko irailaren 2 - 08:12
Marieneko lurrak husteko agindua eman du Baionako epaile batek
— ARGAZKIA Iparraldeko Hitza

30 egun igaro aurretik Marieneko lurrak husteko agindua eman du Baionako Auzitegiak. Kanboko lursail horien defentsan, Lurzaindia elkarteko eta ELB sindikatuko hainbat kidek bordak ipini zituzten bertan joan den ekainean, baita animali ugari eraman ere. Bada, Bouygues promotoreak esku artean daukan etxebizitza-proiektu handiari bide egin dio Baionako epaile batek, "okupatzaileei" alde egiteko eskaera eginez.

Berria-k gogora ekarri duenez, Marieneko lurretan ia 100 etxebizitza egin nahi dituzte Bouygues enpresa sustatzaileak eta Office 64 enpresa eraikitzaileak, eta horrexegatik dago arriskuan eremua. Urte luzez egon da mahai gainean proiektua, eta bere garaian Kanboko auzapez izandako Christian Devezek ere modu nekaezinean bultzatu zuen plana: Marieneko lurretan eraikitzeko aukera egon dadila onartu zuten 2010a iritsi aurretik.

Etxebizitza-proiektuak, ordea, desadostasun handia sortu du Kanboko herritarren artean. Hala, Lapurdi osoan hedatu da Marieneko lurrak babestearen aldeko aldarria, eta proiektuari ezetz esateko protesta ugari izan dira azken urteetan. Hainbat lagunek defentsa horren barruan hartu zuten eremua ekainean, baina euren aurka jo du Baionako Auzitegiak. Ikusteke dago zein neurri hartzen dituen aurrerantzean.