ACTUALIDAD / Ataques fascistas
Margoketa faxistak egin dituzte Baztango Gaztetxean
Larunbatetik iganderako gauean eraso zuten Baztango Gaztetxea: "ikur eta esaldi faxistak" margotu zituzten eraikin barruan. Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Elizondon, 'Gaztetxearen aurkako erasorik ez!' lema hartuta.
2021eko martxoaren 22
Margoketa faxistak egin dituzte Baztango Gaztetxean

Baztango Gazte Asanbladak atzo eman zuen erasoaren berri: Baztango Gaztetxean (Nafarroa) "ikur eta esaldi faxistak" margotu zituzten larunbatetik iganderako gauean, besteak beste, "Viva España" zioten pintaketak eginda gaztetxe barruko hormetan. "Faxistak gaztetxera hurbildu, sarraila hautsita zegoela probestu, eta barruan inpunitate osoz margoketak egin dituzte. Gauez eta aurpegia estaliz, anonimotasunez", azaldu zuten gazte asanbladako kideek.

Erasoa salatzeko protestara dei egin zuten atzo arratsalderako, eta Elizondoko (Nafarroa) Merkatu Plazan egin zuten elkarretaratzea 17:30ean. Gaztetxearen aurkako erasorik ez! aldarrikatu zuten protestan bildutakoek, eta asanbladako kideek "antolakuntza eta eguneroko borroka" galdegin zituzten "erasoen aurrean".

Baztango Gaztetxeak aurten beteko ditu hamazazpi urte. "Urte hauetan guztietan, gaztetxea Baztango hainbat eta hainbat kolektibo, talde, eragile edo bestelakoentzako aterpe izan da, bilerak, eztabaidak, asanbladak, ekimen kulturalak edo bestelakoak antolatzeko erabili izan delarik. Beti izan ditugu ateak zabalik, Baztango gazteriari antolatzeko eta jakintza kolektibizatzeko espazio bat eskaintzeko bidean", nabarmendu zuen Baztango Gazte Asanbladak.