AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/22 21:57

Baztango Gazte Asanbladak atzo eman zuen erasoaren berri: Baztango Gaztetxean (Nafarroa) "ikur eta esaldi faxistak" margotu zituzten larunbatetik iganderako gauean, besteak beste, "Viva España" zioten pintaketak eginda gaztetxe barruko hormetan. "Faxistak gaztetxera hurbildu, sarraila hautsita zegoela probestu, eta barruan inpunitate osoz margoketak egin dituzte. Gauez eta aurpegia estaliz, anonimotasunez", azaldu zuten gazte asanbladako kideek.

Erasoa salatzeko protestara dei egin zuten atzo arratsalderako, eta Elizondoko (Nafarroa) Merkatu Plazan egin zuten elkarretaratzea 17:30ean. Gaztetxearen aurkako erasorik ez! aldarrikatu zuten protestan bildutakoek, eta asanbladako kideek "antolakuntza eta eguneroko borroka" galdegin zituzten "erasoen aurrean".

Baztango Gaztetxeak aurten beteko ditu hamazazpi urte. "Urte hauetan guztietan, gaztetxea Baztango hainbat eta hainbat kolektibo, talde, eragile edo bestelakoentzako aterpe izan da, bilerak, eztabaidak, asanbladak, ekimen kulturalak edo bestelakoak antolatzeko erabili izan delarik. Beti izan ditugu ateak zabalik, Baztango gazteriari antolatzeko eta jakintza kolektibizatzeko espazio bat eskaintzeko bidean", nabarmendu zuen Baztango Gazte Asanbladak.