ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Voxen protesta Bilbon, iazko azaroan. FOTOGRAFÍA / Europa Press
2024/12/04 08:44

Duela urtebete pasatxo, 2023ko azaroan, Madrilgo Ferrazen mobilizatzeari ekin zion faxista andanak, PSOEren gobernuaren kontra eta Amnistia Legearen kontra. Beste hainbat tokitara ere hedatu ziren protestak, tartean, Bilbora (Bizkaia). Azaroaren 12an, Vox alderdi faxistak deituta, elkarretaratze bat izan zen PSOEren Bilboko egoitza aurrean, baimen ofizialik gabe.

Gutxienez ertzain batek hartu zuen parte bertan, lanetik kanpo zegoela. Lanean ari ziren bere lankide poliziak kontzentraziora bertaratu ziren, eta baimenik ez zegoenez eskatuta, manifestarietako batzuk identifikatzen hasi ziren. Faxistetako bat atxilotu zuten, "agintaritzari eraso egitea" leporatuta.

"Nola identifikatu nadin, kidea banaiz?"

Ertzaintzaren esku-hartze horretan, Voxen elkarretaratzean parte hartzen ari zen agentea oldartu egin zitzaien bere lankideei: besteak beste, "mairuekin ez daukazue potrorik" oihukatu zien. Ertzainek identifikatzeko eta nortasun-agiria erakusteko eskatu ziotenean, ondokoa erantzun zuen: "nola identifikatu nadin, kidea banaiz?". Gerora adierazi zuen ertzaina zela bera ere, unean zerbitzutik kanpo egon arren, eta akreditazio profesionala atera zuen.

Ertzain buruetako batek jakinarazi zion salaketa-akta bat ezarriko ziotela, Mozal Legeko bi arau hausteagatik. Dena den, gertakariei buruzko prentsa-oharrean, Ertzaintzak ez zuen protestan parte hartu zuen bere agente propioari buruzko ezertxo ere esan.

Zazpi eguneko zigorra

Ertzaintzako barne-arauen arabera, lanean ari ez diren poliziek ezin dute euren akreditazio profesionala erakutsi eta erabili, ez bada "legalitatearen defentsan edo herritarren segurtasunaren defentsan" jardun behar dutela egoera jakinen batean. Beraz, Bilboko kontzentrazio faxistan bere akreditazioa erakutsi zuenez, arau-hauste bat egiteagatik zigortu dute aipatutako ertzaina, modu irrigarrian bada ere: Segurtasun Sailak zazpi eguneko etena ezarri dio lanean.

Polizia arrazista

Bizkaiko SOS Arrazakeriak kolektiboak aurreko ikasturtearen bukaeran jakinarazi zuen: Bizkaian, aurreko urtean, eraso arrazisten erdia egin zituzten polizia-indarretako agenteek. Eraso horien artean, %83 ziren Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak egindakoak, haiek baitira immigrazioari eta mugei lotutako eskumenak dituztenak.

NO HAY COMENTARIOS