ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/04/03 19:19

Aurten ere mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek maiatzaren 1ean, Langileon Nazioarteko Egunean. Aurreneko aldiz, agerraldi bateratu bat egin dute gaur tokian tokiko Kontseilu Sozialistek, eta modu horretan jakinarazi dute zein tokitan antolatu dituzten aurten manifestazioak Maiatzaren Lehenaren harira. Lelo berdina izango dute guztiek: Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen.

Euskal Herriko bost hiriburutan izango dira mobilizazioak —Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa)—, baita beste hamalau herritan ere: Altsasun (Nafarroa), Arrasaten (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Gernikan (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Oiartzunen (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa).

"Tradizio handiko egun hori probestu nahi dugu langileria iraultzailearen memoria gurera ekartzeko, egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko", azaldu dute Kontseilu Sozialistetako kideek.

Memoria

Adierazpen bateratu bat argitaratu dute gaurkoan Kontseilu Sozialistek; lehenik eta behin, azken mendeetako esperientzia iraultzaileak izan dituzte gogoan. "Borroka grinez eta esperientzia iraultzaileen metaketaren bitartez lortu ditu proletalgoak orain arte eduki dituen askatasun kuotarik handienak", esan dute: "Proletalgoarentzat, politikoa eta ekonomikoa da askatasuna. Hain zuzen, jardun politiko eta publiko aske bat egiteko libertateari eta kalitatezko bizi baldintzak eta bitartekoak edukitzeari deitzen diogu askatasuna. XIX. eta XX. mendeetako borroka iraultzaileek beren fruituak eman zituzten; langileria estrategikoki batuta egoteak autodefentsa ahalmen handia eman zion, eta etsaia hainbat aitortza egitera behartu zuen. Sozialismoak botere handia eskuratu zuen eta horrek efektu positiboa izan zuen langileriarengan; herrialde sozialistetan oparotasun ekonomikoa, kalitatezko hezkuntza, abortatzeko eskubidea, lan baldintza duinak edota bazterretako subjektuentzako eskubideak existitu izan ziren denbora luzez".

Dena den, "sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa ez zen amaitu" Kontseilu Sozialisten esanetan, "eta horren eta beste hainbat arrazoiren ondorioz, proletalgoak inoizko porrotik gogorrena pairatu" zuelakoan daude. "Galera horren albo-kalteak sufritzen ari gara oraingo proletarioak", seinalatu dute.

Krisi kapitalista garaia

Egungo egoerari dagokionez, Kontseilu Sozialistek azpimarratu dute "krisialdi kapitalistak ezaugarritzen" duela batez ere. "Definizioz, langile klaseak ordaintzen ditu krisialdiak, eta oraingoan ere horrela ari da izaten. Prezioen gorakadak, askatasunik ezak, langabeziak eta aldi baterako lanaldiek, soldata miserableek eta abar luze batek jasangaitza egin dute eguneroko bizitza langileriaren bizkarrean. Egiturazko krisi bat da bizi duguna, eta hori ez da pandemiaren eta gerraren ondorio bat; hain justu, krisialdi kapitalistaren adierazpen bezala ulertzen ditugu pandemia garaian azaleratutako hamaika ezintasunak, edota gerra bera", azaldu dute.

Bestalde, nabarmendu dute "diruaren menpe" daudela "alderdi parlamentarioak eta instituzioak", eta "finantziaziorik gabe", ez dagoela "politika publikorik egiterik". "Maileguak, baina, ez dira neutralki banatzen, eta xantaia modura funtzionatzen dute oligarkien partetik. Dirurik soberan ez dagoen egoera batean gaude eta sozialdemokraziak ez du mailegurik lortzen; horrenbestez, ez dauka langileria ekonomikoki laguntzeko ahalmenik", ohartarazi dute Kontseilu Sozialistek. "Beraien estrategiaren zentroan eraldaketa instituzionala daukaten alderdiak ezintasunera kondenatuta daude".

Nabarmendu dute, gainera, "gaur egungo gizartearen garapen mailak denon ongizatea lortzeko nahikoa baliabide sortu" dituela, baina horretarako, nahitaezkoa dela "klase kapitalistaren irabazien aurka jotzea". "Bankari eta enpresari handiek beraien irabaziak handitzera bideratzen dituzte baliabideak, herritar gehienen ongizateari erreparatu gabe eta ingurugiroa suntsituz. Belaunaldiz belaunaldi langile klaseak ekoitzi duen aberastasun guztiak, oligarkiaren jabetza izatetik, herritar xumeen bizi bitarteko izatera pasatu behar du", aldarrikatu dute Kontseilu Sozialistetako kideek.

Kontseilu Sozialisten iparra

"Kontseilu Sozialistek ekarpen bat egin nahi dute sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa eta langileriaren momentuko premiak uztartzeko", argitu dute haien jardunari dagokionez. "Azken urtean zehar hainbat jarduera egin ditugu: autodefentsa sozialistaren hainbat esperientzia garatu ditugu —bizitzaren garestitzearen aurka mobilizatu gara, lan gatazkak babestu ditugu, elikagai bankuak sortu ditugu, eta aholkularitzak, etxebizitzen birjabetzeak zein etxegabetzeen aurkako borrokak jarri ditugu martxan, besteak beste— eta oinarrizko askatasunen urraketen aurkako askotariko protestak egin ditugu", ekarri dute gogora: "Langile klasearen babeserako zein askatasunerako erreminta praktiko eta estrategikoetan sakontzea da gure asmoa".

NO HAY COMENTARIOS