ACTUALIDAD / Consejo socialista de euskal herria
Maiatzaren 1ean, Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko da EHKSk deitutako manifestazioa
13:00etan abiatuko da mobilizazioa. 'Badago alternatiba. Langile boterea eraiki' lelopean egin du deialdia EHKSk, nabarmenduta "instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela".
2024eko apirilaren 11
Maiatzaren 1ean, Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko da EHKSk deitutako manifestazioa

Maiatzaren Lehenerako, mobilizazio deialdi bat egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS): manifestazio bat egingo du Bilbon (Bizkaia), Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelotzat hartuta. EHKSk aste honetan jakinarazi du nondik eta zer ordutan aterako den manifestazioa: 13:00etan hasiko da, Jesusen Bihotzetik.

Bilbon bertan izan zen mobilizazio deialdia aurkezteko agerraldia. "Denbora daramagu instituzioetako alternatiba faltsuak salatzen eta kale-mobilizazioaren aldeko aldarria egiten", azaldu zuten EHKSko bozeramaileek: "Maiatzaren Lehena horretarako erabiliko dugu, instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela adierazteko; langile boterearen eraikuntza".

"Iruzur instituzionalaren" kontra, beraz, kalera irteteko eta mobilizatzeko deia egin dute berriz: "Enpresari eta politikari profesionalen aurka; militantziaren eta antolakuntza komunistaren alde; gerraren eta basakeriaren aurka; bizitzaren garestitzearen aurka; Estatu Sozialistaren alde".