Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Donald Trumpi proposatu dio ostegun honetan G7aren goi-bilera bat egitea Parisen, Davosko Ekonomia Foroa amaitu ostean. AEBetako buruak bere sare sozialetan plazaratu du Macronek bidalitako mezu pribatua: Errusiako, Ukrainako, Danimarkako eta Siriako ordezkariak gonbidatzeko aukera iradokitzen du presidente frantziarrak, bilera ofizialetik "kanpo" izango litzatekeen arren. Ukrainako gerra hasi zenetik lau urte betetzear direnean egin du proposamena.
Honela dio Macronek testuan: "Lagun, erabat ados gaude Siriaren gaiarekin. Gauza handiak egin ditzakegu Iranen. Ez dut ulertzen zer egiten duzun Groenlandian". Jarraian, Frantziako agintariak zera planteatzen dio: "Parisen G7aren bilera bat antola dezaket ostegun arratsalderako, Davosen ondoren". Eta afaltzera gonbidatzen du Trump. Modu honetan osatzen du eskaintza, gainera: "Ukrainarrak, daniarrak, siriarrak eta errusiarrak gonbida ditzaket, bileratik kanpo".
DW-ren arabera, Macronen gertuko iturriek defendatu dute proposamen horrek "agerian uzten duela Frantziako presidenteak ildo bera defendatzen duela bai publikoki bai pribatuan". Iturri horiek azpimarratu dute, hala, Frantziaren asmoa dela G7ko presidentetza "elkarrizketarako eta lankidetzarako une baliagarria" izatea, hainbat krisik markatutako nazioarteko testuinguru baten erdian; Ukrainatik hasi eta AEBek Groenlandian dituzten anbizio espantsionistek sortutako tentsio transatlantikoetaraino.
Trumpek mezu hori publikoki erakusteak, diplomaziaren arauetan beste marra gorri bat urratzeaz gain, tentsioa gehitzen dio Washingtonek Bruselarekin duen harremanari: Europako liderrek AEBekiko eta berekiko duten mendetasuna agerian utzi nahi izan duela dirudi. Errusia modu marjinalean gonbidatzeko proposamenak, aldi berean Ukrainarengana jota, Macronen saiakera bat erakusten du: badirudi, Europako potentziei gero eta kalte handiagoa egiten dien gatazka geldo horretan, elkarrizketa-bideak berrabiarazi nahi dituela. Trumpek ez dio erantzun publikorik eman gonbidapenari.