ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/11 11:28

Lizarran (Nafarroa), Sugarrako kideek asteak daramatzate Gaztetxearen kontrako errepresioa salatzen. Guztira, 20.000 euroko isunak jarri dizkiete Lizarrako Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eta hainbat protesta egin dituzte jadanik: maiatzaren 10ean protesta bat izan zen herrian, Sugarraren kontrako errepresio ekonomikoaren kontra; eta maiatzaren 29an Iruñean (Nafarroa) elkarretaratu ziren, Nafarroako Parlamentu aurrean, PSN erantzule gisa seinalatzeko.

Beste mobilizazio deialdi bat egin dute orain, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearekin batera: ekainaren 22an manifestazio bat izango da Lizarran bertan, 18:30ean Sugarra Gaztetxetik hasita. Udalaren mehatxuen aurrean, Sugarra defendatu! lelopean egin dute deialdia Gaztetxeak eta Defentsa Komunitateak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "UPNk Lizarrako Udaleko agintea hartu duenetik, argia da Sugarra Gaztetxearekin duen politika: hura desagerraraztea, eta herriko gazteria elkartasun eta konpromiso balioetan hezten duen espaziorik gabe uztea".

"Suntsipen-politika" hori gauzatzeko, ondoko bideak erabiltzen ari da UPN, ohartarazi dutenez: "polizien bisitekin Gaztetxearen jardun normala oztopatzea, 20.000 euroko isunekin ekonomikoki itotzen saiatzea, eta `[Gaztetxea] burokratikoki desalojatu ahal izateko joko-zelaia prestatzea".

Erasoei aurre

Euskal Herriko Defentsa Komunitateak jakinarazi du bere eskura dituen baliabideak jarriko dituela "Gaztetxearen aurkako eraso horiei aurre egiteko": "Bai Erresistentzia Kutxa, jazarpen ekonomikoa oztopo izan ez dadin; baita, UPNren jarrera borrokatzeko, Euskal Herriko gainerako Langile Kontrolpeko Espazioen elkartasuna ere".

Horri lotuta egin dute ekainaren 22rako mobilizazio deialdia. Berriz exijitu diote Lizarrako Udalari "Gaztetxearen aurkako errepresio guztia eten" dezala, eta dei egin dute "UPN gazteen aurka egiten ari den suntsipen-politika borrokatzera".

NO HAY COMENTARIOS