ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/19 08:39

Asteartean, aurrekaririk gabeko eraso masibo bat egin zuen Israelgo Estatuak Libanon eta Sirian. Modu koordinatuan, Hezbollah taldeko kideek erabiltzen zituzten milaka pertsona-bilagailu leherrarazi zituen urrutitik, gutxienez hamabi hildako eta milaka zauritu eraginez. Handik hainbat ordura, beste olatu bat izan zuen sionisten erasoaldiak: atzo, asteazkenean, beste leherketa masibo bat izan zen.

Bigarren olatu horretan, pertsona-bilagailuen ordez, bestelako komunikazio-gailu batzuk leherrarazi zituzten Libanon: walkie talkie-ak, telefono mugikorrak, ordenagailuak, irratiak eta abar. Zenbait iturriren arabera, eguzki-energiako sistemak ere iritsi ziren lehertzera Beiruten. Asteartekoak baino are zitalagoak izan ziren atzoko leherketak, eta su hartu zuten, besteak beste, hainbat etxebizitzak, ibilgailuk eta dendak.

Bi erasoak kontuan hartuta, gutxienez 32 pertsona erail dituzte sionistek, eta 3.200 dira zaurituak. Zenbait inteligentzia-zerbitzuren arabera, sionistek, berez, aurrerago egin nahi zituzten azken egunetako erasoak. Hezbollahren barruan, ordea, gero eta handiagoa omen zen sionistek bere barne-komunikazioetan esku hartu zutelako susmoa, eta horrek bultzatu omen zuen Israelgo Estatua operazioa aurreratzera.

Sionisten arreta Libanon

Informazio guztiek seinalatzen dituzte Israelgo Estatuaren zerbitzu sekretuak Libanoko erasoaldi kriminalaren egile modura (eta AEBak laguntzaile modura), baina bere egiletza publikoki aitortu gabe jarraitzen du agintaritza sionistak. Hala ere, ez dago zalantzarik dagoeneko: Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak atzo esan zuen iparraldera mugitzen ari dela sionisten arreta, eta hara ari dela tokialdatzen bere "operazioen erdigunea". Horrekin, Libano egongo litzateke genoziden jopuntuan, esan baitu "fase berri bat" hasi dela fronte horretako gerran.

Sionisten mugimendu guztiek erakusten dute, beraz, Libanoren hegoaldean erasora jo dezaketela. Israelgo Defentsa Indarrak direlakoak (IDF, ingelesez) mobilizatzen hasi dira jadanik, eta gerra-ibilgailu ugari ari dira eramaten Libanorekin duten mugara. Agintaritza sionistak ohartarazi du, hain justu, iparraldeko mugara bideratzen ari dela bere "indarrak, baliabideak eta energia".

"Ezin konta ahala gaitasun ditugu oraindik zelatan, ukitu gabe. Planak abian dira", egin du mehatxu azken orduetan armada sionistak iparraldeko komandoan duen buruak. Aipatutako mobilizazioekin batera, aire bidezko erasoekin jarraitzen dute sionistek: bart, Hezbollahren ustezko hainbat helburu bonbardatu ditu Libanoren hegoaldean. Gerra-hegazkinek eraso diete ustezko hainbat eraikin eta azpiegitura militarri; hala nola, Shekhin, A Taiba, Bleida, Mis al Jabal, Eitaron eta abarretan.

Agintari sionistek hainbatetan erabili duten aitzakiari berriz heldu dio Gallantek, Libanoren kontrako erasoaldia justifikatzeko: esan du "zibil" sionista ugarik egin behar izan dutela ihes Hezbollahren ustezko eraso batzuen ondorioz, eta horiek "modu seguruan itzularaztea" bermatuko duela Israelgo Estatuak. "Esan dut iparraldeko bizilagunak onik itzuliko ditugula euren etxeetara, eta horixe egingo dugu", adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministro sionistak.

Ikusteke dago sionisten azken erasoei eta probokazioei nola erantzuten dien Hezbollahk. Taldeak atzo bertan adierazi zuen "zigor justua" jasoko duela estatu sionistak, eta agerraldi bat iragarri zuen gaurko, ostegunerako.

Sarraskia Palestinan

Estatu sionistak esan du, dena den, ez dituela "hegoaldeko lanak" ahaztu, Palestinaren kontrako sarraskiari erreferentzia eginez. Gazako Zerrendan, gutxienez 41.000 palestinar erail ditu 2023ko urriaren 7tik hona, eta dozenaka milaka dira zaurituak eta desagertuak. Zisjordanian ere gogor oldartu da Israelgo Estatua, eta 1.000 palestinar inguru hil ditu.

NO HAY COMENTARIOS