Libanorekiko gerra-frontea fase berri batean sarrarazi du Israelgo Estatu sionistak. Aurreko astean gailu elektronikoen bidez egindako bi eraso masiboen ostean (BBC-k emandako azken informazioen arabera, 70 dira horien ondorioz hildakoak eta 3.000 baino gehiago zaurituak), lurreko mugimendu militarrak eta aireko bonbardaketak areagotu dituzte sionistek.
Atzo bertan, larunbatean, dozenaka gerra-hegazkinek bonbardatu zuten Siria hegoaldea. Horren aurretik, sionistek aldarrikatu zuten Hezbollahk erabiltzen zituen "180 toki eta milaka barril" suntsitu zituztela. Ostiralean, Beirut hiriburuaren kontrako "bonbardaketa selektibo bat" egin zuten, besteak beste, aldirietako (Dahiye) etxebizitza-bloke bati erasoz: gutxienez 45 pertsona erail eta 70 zauritu zituzten.
Libanoko euren eraso kriminalak justifikatzeko, agintaritza sionistak esaten ari dira Hezbollahren kontrako erasoak direla. Adibidez, adierazi dute Hezbollahko komandante Ibrahim Aqi hiltzea zela ostiraleko erasoaren helburua.
Hezbollahk baieztatu du ostiraleko erasoan taldeko hainbat buru hil zituztela sionistek, baina, esan bezala, libanoar erresistentzia ez zen jomuga bakarra izan: denera, gutxienez 45 lagun erail zituzten atentatuan. Benjamin Netanyahu lehen ministro sionistak harrokeriaz egindako azken adierazpenek badute egitik, dena den: "Gure helburuak argiak dira, eta gure ekintzek berez hitz egiten dute".
Azken egunetan, Libanoko biztanleak izutzeko teknikak ere erabili dituzte soldadu sionistek. Beirut
hiriburuaren gainean jarri ziren ostegunean hainbat gerra-hegazkin,
eta soinu-hesia hautsi zuten jendea beldurtzeko: burrunba biziak eragin
zituzten.
Golango gainak jopuntuan
Ustezko beste argudio bat ere atera du mahaira entitate sionistak: Hezbollahren jardunaren ondorioz "Israeletik" alde egin behar izan duten kolonoak "modu seguruan itzularaztea". "Itzularazte" horrekin, baina, badirudi Golango gainen inguruei (mugatik hurbil) egiten dietela erreferentzia. Yoav Gallant Defentsa ministroak berriki esan du "fase berriko operazio-sortak" jarraitu egingo duela, "Israel iparraldeko komunitateak beren etxeetara seguru itzuliko direla bermatu" arte.
Agintaritza sionistek, berriki, murrizketak ezarri dizkiete Golango gainetako, Galileako, Haifako badiako eta iparraldeko haranetako biztanleei, Hezbollahk "eskala handiko eraso bat" has dezakeela argudiatuta.
Hezbollahren erantzuna
Bitartean, sionisten erasoei eta probokazioei erantzun die Hezbollahk, sionisten azken mugimenduak "gerra-deklaraziotzat" jota: hainbat eraso egin ditu larunbat gauean eta igande goizean zehar, itxura denez, sionisten hainbat posizio militarren eta industrialen kontra. Goizalde honetako 03:00ak aldera, esaterako, 30 misil inguru jaurti ditu Haifa ingurura, Ramat Davideko base militarrari eta bertako aireportuari eraso egiteko.
Israelgo Estatu genozidak ohartarazi du Hezbollahren erantzuna zigortuko duela, azpimarratu baitu bere erasoek "jarraitu" egingo dutela eta "biziagoak" izango direla. Gainera, milizia libanoarren erresistentzia eta erantzun oro ito nahian ari da: azken orduetan, Hezbollahrenak omen ziren ehunka suziri-jaurtigailu eta misil-jaurtigailu suntsitu ditu Libanoko hainbat zonaldetan.