ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/17 09:40

Ortuellan (Bizkaia) legez kontrako etxegabetze bat izan da aste honetan, Meatzaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dutenez. 18 eta 20 urte arteko hiru gaztek hainbat hilabete egin dituzte etxe batean, azpierrentan eta inolako kontraturik gabe. Orain, "legez kanpo, indarrez eta inolako agindu judizialik gabe", etxe horretatik bota dituzte "etxebizitzaren jabe den higiezinen enpresak eta azpierrenta egiten duen maizterrak".

Gazteek hilero-hilero ordaindu dute alokairuari zegokion zenbatekoa, baina, hala ere, haiek etxegabetzeko bideari heldu diote enpresak eta azpierrentatzaileak. "Hainbat hilabetez gazteak mehatxatu ostean, matoi talde batek haien logeletako ateak apurtu, sarraila aldatu eta etxeko sarbidea debekatu die", azaldu du GKSk: "Gazteak etxera bueltatzean, haien etxeko sarraila aldatuta eta haien jabetza guztiak etxetik kanpo botata aurkitu dituzte".

Udalak, etxebizitza-alternatiba errealik ez

"Poliziaren eta instituzioen utzikeriaren ondorioz", kale gorrian geratu dira hiru gazteak. GKSk jakinarazi du udal instituzioek "erabateko ezezko" bat eman dietela hasieratik, etxebizitza-alternatiba baten inguruan galdetzean. Beraz, alternatiba hori lortu ahal izateko antolatzeari ekin zioten gazteek eta GKSk, eta orduan aldatu zuen iritzia Ortuellako Udalak (EAJ): aste baterako logelak eskaini dizkie etxegabetuak izan diren hiru gazteei. "Hori kalitatezko etxebizitza bermatuko duen neurri bat izatetik urrun, gazteek kalera bueltatzeko arriskuan jarraitzen dute", GKSko kideek gogorarazi dutenez.

Desokupazio-enpresen praktikak

Seinalatu dute, bestalde, higiezinen enpresa eta azpierrentatzailea direla etxegabetzearen erantzule eta errudun. Izan ere, hiru gazte migratzaileen "egoera zaurgarriaz baliatu" eta "kontraturik gabeko azpierrenta araugabeak sistematikoki aplikatu" dizkiete lehenengo; eta, gero, "desokupazio-enpresa faxisten praktika berdinak" erabiliz etxegabetu dituzte. "Gazteak mehatxatu eta indarrez kanporatu dituzte, gazte berri batzuk etxebizitzan sartzeko eta haien egoeraz berriz baliatzeko", laburbildu du Meatzaldeko GKSk.

Kezkaz ohartarazi du "gero eta gehiago normalizatzen" ari dela "etxejabeek eta enpresek agindu judizialik gabe eta mehatxu bidez etxegabetze ilegalak aurrera eramatea". Gainera, "Poliziak eta administrazioak ezikusiarena egiten dute" horren aurrean eta "etxejabeen inpunitatea ziurtatzen" dute, GKSko kideek salatu dutenez.

"Proletalgoa, antolakuntza independentearen faltan, babesgabe aurkitzen da enpresek eta jabeek Poliziaren eta instituzioen babesarekin aurrera eramaten dituzten praktika horien aurrean, bereziki egoera zaurgarrian aurkitzen diren gazte migratzaileak", gaineratu dute.

Kalitatezko alternatiba baten alde lanean

Kaleratzea salatzeaz gain, etxegabetuak izan diren hiru gazteentzat "kalitatezkoa izango den etxebizitza-alternatiba bat eskuratzeko lanean" ari dira Meatzaldeko GKS eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, eta gaitzetsi egin dituzte "aldi gutxi baterako irtenbide eskasak".

"Instituzioek alternatiba erreal eta kalitatezko bat eskaintzeko baliabideak badituzte ere, ez dute aukerarik bermatu, aldi baterako erantzunetatik kanpo", adierazi du GKSk. Ohartarazi du, gainera, "promesa elektoralez harago", etxegabetzeak ez direla inola ere geratu, eta erakunde publikoek ez dutela "arazoari aterabidea emateko baliabiderik eskaintzen".

"Gure ustez, ez dago pertsona bat alternatibarik gabe uzteko justifikaziorik", atera dute mahaira GKSko kideek: "Etxegabetze guztien baldintzarik gabeko etetea aldarrikatu eta horren alde antolatzen jarraitzea dagokigu". Ortuellako Udalari exijitu diote, hala, "kasuaren ardura" bere gain har dezala eta "kalitatezko etxebizitza-alternatiba bat ziurta" dezala.

NO HAY COMENTARIOS