ACTUALIDAD / Migración
Lau pertsona hil dira El Hierrora txalupan iritsi nahian
Ia 70 lagun zihoazen ontzian, tartean bederatzi haur. Bederatzi egun inguru igaro dituzte itsaso zabalean.
2024eko martxoaren 6
Lau pertsona hil dira El Hierrora txalupan iritsi nahian
— ARGAZKIA Diario El Hierro

Kanarietako El Hierro irlara heldu nahian, lau pertsonak galdu dute bizia txalupa batean. Gaur jakinarazi dute uhartetik gertu atzeman dutela ontzia: 68 lagun zihoazen han, eta, kostara heltzerako, hilik zeuden horietatik lau. Txalupan zihoazenetatik bederatzi umeak dira.

Bart atzeman du ontzia Itsas Salbamenduak, eta El Hierroko itsasertzera eraman du: Restingako portuan lehorreratu dira 64 pertsona. Bederatzi egun igaro dituzte itsaso zabalean, kostaldera heldu nahian. Osasun-arreta behar izan dute 21 lagunek; hipotermia, deshidratazioa, konorte ahula, hipotentsioa, edemak eta abar jasan dituzte. Ospitaleratu egin dituzte hamahiru pertsona.

Txalupa duela bederatzi egun irten zen Mauritaniako hiriburutik, Nuakchot. Ontzian zihoazen pertsonak Senegal, Guinea zein Malikoak dira.