ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/04 09:12

Elkarte Memorialisten Plataformaren ekimenez, larunbat honetan, berriz exijituko dute Iruñean (Nafarroa) Erorien Monumentua eraitsi dezatela. Caidos eraitsi orain! lelotzat hartuta, arratsaldeko 18:00etan izango da manifestazioa, Erorien Monumentutik bertatik hasita. Aurreko deialdiekin gertatu bezala, hainbat kolektibok babestu dute mobilizazioa, eta hainbat arlo sozialetan aritzen diren erreferentziazko 60 pertsonak ere eman dute euren atxikimendua, bideo baten bidez.

Mobilizazio-deialdia aurkeztean (azaroaren 15erako deitu zuten manifestazioa hasieran, baina Euskal Selekzioak eta Palestinakoak jokatuko duten partida dela-eta, aurreratu egin zuten gero), Iruñeko Udala seinalatu zuten berriz elkarte memorialistek: frankismoko biktimei "gezurra esatea" eta monumentu faxista eraisteko eskaerari entzungor egitea leporatu zioten EH Bilduren udal-gobernuari. Oroigarri frankista bota beharrean, hura mantendu eta "esanahia aldatu" nahi diote PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk, eta Elkarte Memorialisten Plataformak salatu du "hirukoak bere horretan jarraitzen" duela. "Komeni zaizkien legeak soilik aplikatzea" egotzi diete.

"Adituen txostena" kolokan

Plataformak, bestalde, "Pertsona Adituen Batzordeak" Erorien Monumentuari buruz egindako azken txostena kritikatu du, baita batzordea bera ere. Izan ere, "nahierara izendatutako" hamalau pertsonak osatzen dute taldea, eta elkarte memorialisten arabera, esanguratsua dirudi guztiek bat egitea PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk monumentu faxistari "esanahi berri bat emateko" erakutsi duten jarrerarekin. "Aurrez prestatua zegoen", salatu dute.

Abiapuntu horrekin, eta sorpresarik eman gabe, "Pertsona Adituen Batzordea" duela gutxi agertu da Erorien Monumentua mantentzearen alde, ustezko azterketa batean oinarrituta. Elkarte memorialistek seinalatu dute, baina, "bateraezinak" direla "espazio publikoan gorazarre faxistaren sinbolo bat mantentzea eta biktimen eskubideak benetan errespetatzea".

NO HAY COMENTARIOS