Atzo, ekainak 23, Larraungo (Nafarroa) udaletxe zaharra birjabetu zuten hainbat gaztek, "printza berri batek gaztetxe eta gune autogestionatuen loraldia hauspotzen
jarraitzeko". Larraungo gune autogestionatuaren ateak ireki aurretik, gaztetxe berria izango dena birjabetzearen arrazoiak azaltzen dituen irakurketa baten berri eman zuten. "Zapalkuntza txikiena ere deuseztatu nahi dugunontzat, hau da, errealitatea
bere osotasunean ulertu nahi dugunontzat, Printza ez da helburu bakarra.
Helburu handiagoak lortzeko pausoa eta zentzua emango diogun gure kontrolpeko
tresna baizik", azaldu zuten gaztetxe berriko kideek.
"Formakuntzan eta eztabaidan" aritu ondoren heldu diote eraikinaren birjabetzeari, eta orain, "proiektua sozializatzea eta merezi duen sakontasunez lantzea" ezinbestekoa dela diote. Hala, proiektuaren oinarria klase elkartasuna izanik, parte hartzeko eta hurbiltzeko dei egin dute, Larrauneko desjabetuei, bereziki: "Zu, etxekoandre, fabrikan orduak pasatzen dituzun langile, ikasten gainditu ezinik edo emaitza bikainak ateratzen dituzun ikasle, etxean zauden amona eta berarekin zauden zaintzaile, zure lurraldea atzean utzita gurera etorri zaren adiskide, disfrutatzeko mozkorrak jasan behar izaten dituzun zerbitzari, etxetik alde egin ezin duzun gazte, lan finkorik gabeko, edozein baldintzetan zure denbora saltzera behartutako langile… Zure argi izpiak osatuko du printza! Gure arteko elkartasunaren bidez irekiko ditugu ateak!".