Iruñerriko Autodefentsa Sareak pasa den larunbatean jakinarazi zuen albistea, sare sozialetan: bideo-zaintza kamerak kendu dituzte Eunaten. Ikasturte hasieran, Nafarroako Hezkuntza Sailak
13 kamera jarri zituen Txantrea auzoko Eunate ikastetxean. Horren aurrean, kameren aurkako borroka hasi zuten ikasleek. Iruñerriko Autodefentsa Sareak larunbatean adierazi zuenez, kamerak kentzeko Iruñerriko ikasleek hilabete luzez gauzatu duten borrokaren emaitza da garaipen hori. Bestalde, ikasleen
antolakuntzaren eraginkortasuna mahai gainera ateratzeko, ikastetxean kamerak jarri
zituztenetik kendu dituzten unera arte borrokak izan duen
bilakaera azaldu zuten.
Kameren aurkako borroka Eunateko ikasleek hasi zutela gogorarazi zuten, baita borroka horrek "mugak" azkar jo zituela azpimarratu ere. Muga horiei aurre egiteko sortu zuten IAS, "bereizita" dagoen ikasleria proletarioaren interesak modu "bateratuan" lantzeko eta defendatzeko. Otsailean aurkeztu zuten IAS, eta Eunaten lehen borroka burutu ostean, erreakzioen eta posizioen sokaren inguruko azterketa ere egin zuten larunbatean.
Alde batetik, ikastetxeko zuzendaritzaren eta irakasleriaren zati baten jarrera oztopatzailea, gainontzeko ikastetxeetako zuzendaritzek
babestutakoa eta elikatutakoa, salatu zuten sareko kideek. Horren adibide modura, mehatxuak, debekuak eta ikasleen ordezkariekin izandako arazoak aipatu zituzten. Kontrako aldean, baina, Hezkuntza
Duina plataformaren sorrera eta auzokideek, gurasoek eta zenbait
irakaslek ikasleen interesen alde hartutako posizioa "eskertu" zituzten. Euskal Herriko ikasleriak otsaila amaieran egindako Baterajotze Nazionalean "kaleak hartzea" mugarria izan zela ere esan zuten, eta bertan
erakutsitako elkartasuna nabarmendu zuten. Manifestazio horren ostean, testuingurua aldatu zela azaldu zuten sareko kideek.
Iruñerriko Autodefentsa Sarearen arabera, Eunateko kameren aurkako borroka irabazi duten arren, euren borroka ez da amaitu oraindik: "Ikasturte hau amaitu da jada, baina hurrengo ikasturterako gogotsu gaude, indarberriturik itzuliko gara. Autodefentsa antolatzean aurrerapausoak eman eta gure ikas-baldintzak hobetzeari ekingo diogu". Izan ere, aurtengo borroka "hezigunez-hezigune hedatzen" hasiko dira: "Sarea hedatuz, gure indarrak handituz, heziguneetako ikas-baldintzak aldatuz, argi baitugu gu garela gure egoeran hobetze erreal bat lortu dezaketen bakarrak". Bideo-zaintzaren auzia eta ikasleen interesen aldeko defentsa, beraz, ez dira Eunateko garaipenarekin amaituko. "Hau hasiera besterik ez da". IAS gelditzeko etorri da.