Atzo hasi zen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, Azpeitian (Gipuzkoa). Lan eguna izan zen atzokoa, eta bigarren egunak ere auzolana izan du oinarri. Alorrez alor jakintzak elkarbanatuz, gaur ere goizetik ekin diote lanari Euskal Herriko hamaika txokotatik bertaratu diren ehunka gazteek, taldean.
Atzo 11 lantaldetan banatu ziren gazteak: arotzgintza, elektrizitatea, baratze gunea, sukaldaritza, iturgintza, animalien gunea, garagardotegia, margoketa, txosnen muntaketa, komunikazioa eta biltegia. Hala, Azpeitiko hainbat gunetan martxan jarritako lanekin jarraitu dute gaurkoan; hala nola, Esklabak eraikin birjabetuan, Azpeitiko Gaztetxean edota Loiolako biltegiko baratzean.
Lanaren eta jakintzaren kolektibizazioa
Atzo zein gaur, jakintza zehatzak elkarbanatzeko eta lantzeko aukera izan dute lantaldeetako kideek. Esaterako, animalientzako etxolak egin dituzte animalien gunean aritu direnek; euri ura biltzeko sistema bat prestatzeko lanetan jardun dute iturgintza lantaldekoek; babarruna hazteko euskarriak kokatu dituzte baratze lantaldekoek; edota elektrizitate kutxa zaharrak kendu eta kable berriak jarri dituzte elektrizitate lantaldekoek.
Topagunean parte hartzen ari diren kideek taldean eta elkarrekin egin dituzte lan horiek guztiak, Azpeitiko Krisiaren Seme-Alaben proiektu lokalak hauspotuz. Hala, "prozesu sozialistari bultzada ematea" ipar, "komunitate politikoa indartzeko eta langile kultura hedatzeko" haziak jartzen jarraituko dute egunotan.
Bihar, lan eguna eta hitzaldiak
Bihar goizean amaituko dituzte lanak topagunean. Arratsalderako hainbat hitzaldi prestatu dituzte Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideek. Hain zuzen, hezkuntza, genero eta gazte problematikak landuko dituzte lehenengo, eta jarraian, Gazte antolakundea. Jarraikortasuna eta hausturak hitzaldia izango da.
Topaguneko argazki galeria, hemen