ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Crónica Vasca
2024/10/09 13:07

Lanbidera jo eta prestazio sozialak eskatzen dituzten pertsonen kontrako jazarpena mantentzen dute EAEko agintaritzek. Azken urteetan, kolektibo batek baino gehiagok salatu dute Lanbidek ezartzen duen kontrola: 2023an, esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI, gazteleraz) eskatu duen jende andanak jasandako "kontrol burokratiko eta poliziala" salatu zuen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Barakaldoko (Bizkaia) Berri Otxoak plataformak ere hainbatetan eman du jazarpen horren berri, eta orain dela gutxi salatu du dozenaka familiari eraso diela udan Ertzaintzak. Plataformak irailaren hasieran egin zuen protesta bat Lanbideren bulegoetan, Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek "pobrezia kriminalizatzeko kanpaina areagotu" dutela salatzeko.

Izan ere, joan den udan, Barakaldoko familia ugariren etxeetara joan dira Ertzaintza eta Lanbideko funtzionarioak; hain justu, DSBEa, pentsio osagarria edo enplegurako pizgarriak jasotzen ari diren dozenaka familiaren etxeetara. Teorian, Lanbidera jo duten pertsonen "iruzurrak" atzemateko aitzakiapean egiten dituzte kontrol horiek. Hala ere, Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, %0,5era ere ez da heltzen iruzur-maila.

Mehatxuak eta xantaia

Etxeetara indarrez sartu ahal izateko, jazarritako pertsonak mehatxatzen dituzte Lanbideko ikuskatzaileek eta Poliziak: sartzea ukatzen badiete, euren "kontrako txostenak" egingo dituztela esaten diete. Kontrako espedienteek ondorio larriak ekar dakizkieke, hala nola, jasotzen ari diren prestazio sozialak galtzea. Beraz, beldurragatik, etxeko ateak ireki behar izaten dizkiete ikuskatzaileei eta ertzainei. Badirudi jendearen komunak miatzera ere iritsi direla ertzainak.

Pobrezia gora

Berri Otxoakek gogorarazi duenez, EAEko biztanleriaren herenak "zailtasun handiak" ditu "oinarrizko premiak asetzeko": %22,3 dira egoera horretan daudenak. "159.737 pertsona pobrezia-arriskuan daude, hau da, EAEko biztanleriaren %7,3", gaineratu du. Zentzu horretan, iritzi dio Lanbidek eta Ertzaintzak martxan daukaten jazarpen- eta kriminalizazio-kanpainak helburu argi bat duela: "Gure erkidegoan bizi diren pentsiodunak, langabeak edo enplegu prekarioa dutenak gizarte-babeseko sistematik kanporatzea".

Lanbideren kontrol biometrikoa

Ahoztar Zelaieta kazetariak duela urtebete argitaratu zuen kontrol biometrikorako sistema bat garatzen ari zela Lanbide, prestazioak jasotzen dituzten pertsonak are modu sofistikatuagoan zelatatzeko. Aurpegiko bereizgarriak eta hatz-markak erabiliko omen dituzte jendea kontrolatzeko, eta Jaurlaritzak 1,3 milioi euro bideratu omen ditu sistema horren garapenera.

NO HAY COMENTARIOS