AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Barakaldo Digital
2023/03/01 11:57

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI, gaztelerazko sigletan) arautzeko legea aldatu du berriki Eusko Jaurlaritzak. 2022ko abenduaren 22an onartu zen erreforma (EAJ, PSE eta Podemos Ahal Dugu alderdien aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin), eta zenbait neurri berri barne hartzen ditu horrek. Auziari lotutako kanpaina bat hasi du oraintsu Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak, Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditu! aldarriaren pean, eta erreformak dakartzan zenbait aldaketa nabarmendu ditu.

Kontrol eta zigor neurrien gogortzea

Legearen erreformarekin, ikuskatzaile talde bat sortu du Lanbide enplegu-zerbitzuak, DSBE diru-laguntza eskatzen duten pertsonak etengabe kontrolatzeko. "Horretarako, eskumen subjektibo oso handiak" izango ditu "polizia burokratiko" horrek, Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Azaldu duenez, gainera, laguntzen eskatzaileak behartuta daude kontrol burokratiko eta polizialari men egitera eta ikuskatzaileei etxeko atea zabaltzera. "Atea ireki ezean, Lanbidek zigortu egingo ditu", salatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Neurri berriek "Estatuaren diziplina burokratikoaren menpe utziko" dituzte diru-laguntza behar duten pertsonak, eta beste urrats bat dira "proletalgoaren aurkako autoritarismoa legitimatzeko" bidean, sindikatuaren iritziz.

Gaur-gaurkoz polizia-indarrek esku hartzen duten modua gehitu behar zaio horri. Gaur egun, Ertzaintza bertaratzen da DSBE eskatu dutenen etxera, diru-laguntza jasotzen dutenek horretarako "irizpide burokratikoak betetzen dituzten edo ez egiaztatzeko" eta, egokitzat joz gero, "laguntzak kentzeko" prozedurari ekiteko. Etxe bat miatu eta ikuskatu ostean Ertzaintzak "txosten negatibo bat" idatziz gero, aukera dago gerora eskatzaileari laguntza kentzeko.

Lanbidek 2014tik dauka lotura hori Ertzaintzarekin, baina Etxebizitza Sindikatuak azpimarratu duenez, "azken urteetan asko handitu" dira mota horretako polizia-praktikak. Horri aurre egitetik urrun, legez kontrako esku-hartze polizial horiek legezko bilakatzen ditu Jaurlaritzaren azken erreformak, "instituzio publikoen autoritarismoan sakonduz".

Jaurlaritzaren lege berriak, bestalde, zigor are gogorragoak aurreikusten ditu ikuskatzaileen ustez laguntza jasotzeko baldintza guzti-guztiak betetzen ez dituztenentzat. Eskatzaile bati laguntza kentzeko erabakia har dezake administrazio publikoak, eta bost urterainokoa izan daiteke laguntzaren deuseztatze-epe hori.

Dirulaguntzaren mugak

Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditu! kanpainan, bestalde, DSBEren mugak ere seinalatu ditu Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak. Gogorarazi du, Jaurlaritzak erreforma ezarri aurretik ere, diru-laguntza hori jasotzen zutenen %53k ez zutela lortzen "pobreziatik ateratzea", eta "pobrezia arriskuan zeudenen %30ek ez zutela laguntza jasotzen". 2020ko datuek hala erakusten zuten, xehatu duenez. Diru-laguntza eskatzeko zailtasunen artean, orain arte derrigorrezkoa izan da erroldatuta egotea, eta hamaika dira laguntza emateko orduan Lanbidek jarri izan dituen traba burokratikoak, sindikatuaren arabera.

Alderdi politikoek iazko erreforma "saldu" duten modua ere seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. "Errenta-igoerak eskatzaileen kalitatezko bizi-baldintzak bermatuko dituela" eta "irizpideak malgutzeak" aurretik laguntza jasotzen ez zutenek aukera hori izatea ekarriko duela esan izan dute politikari profesionalek, baina ameskeria hori kritikatu du Etxebizitza Sindikatuak. Erreformarekin izango den errenta-igoera (%8,5koa, aurreneko igoera azken hamarkadan) ez dela nahikoa uste du, eta ez dela gai "alokairuen igoerari eta, oro har, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko". Laguntzaren igoera, hain zuzen ere, ez da inflazio maila bezain altua.

Bestalde, Jaurlaritzak ulertzera eman du eskatzaileek bete beharreko baldintzak "malgutu" direla erreformarekin, baina zalantzan jarri du hori sindikatuak: "Irizpide berriek ez dute gehiengoarentzat aldaketarik ekartzen, eta eskatzaile asko kanpo utziko dituzte". "Lege berriak ez du pobreziarekin amaituko", ondorioztatu dute Deba Bailarako kideek.

Testigantzak

DSBE eskatu izan duten hainbat lagunekin izan dira Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuko kideak. Jasandako trabak, kontrola eta jazarpena azaldu dituzte. Hona hemen testigantza horiek jasotzen dituen bideoa, osorik:


EZ DAGO IRUZKINIK