Atzo arratsaldean, Bilboko (Bizkaia) Abandon, La Caixaren bulego nagusian egin zuten escrache bat 50 pertsona inguruk. Banku bat eman zieten banketxeko arduradunei, negoziatzeko eser daitezela eskatuz: izan ere, abusuzko klausulak ezartzen ditu La Caixak alokairu "eskuragarrien" kontratuetan. Horixe da, hain justu, bankuak EAEn alokairuan dituen gutxienez zortzi etxebizitza-bloketako maizterren egoera, baina elkartu egin dira bankuak inposatutako gehiegizko klausulei aurre egiteko.
Bilbon egindako escrachean, mezu eta aldarri ugari irakur zitezkeen bertaratutakoek eskuetan zeramatzaten karteletan: "Abusuzko klausulei ez", "Auzokideak borrokan", "La Caixak alokairu eskuragarriekin espekulatzen du" eta abar. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du hainbatetan jarri dela harremanetan banketxearekin, aipatutako maizterren ordezkari gisa hitz egiteko alokairu-kontratuei buruz, eta negoziazio-mahai bat sortzeko. Banketxeak, baina, ez die erantzun formalik eman oraindik.
Atzoko protesta zapaltzeko asmoz, Ertzaintzak hedapen polizial handia egin zuen Plaza Biribileko egoitzan. Ertzainek banan-banan identifikatu zituzten escrachean parte hartu zuten pertsona guztiak, eta isunak jartzearekin egin zien mehatxu. "Protesta zilegi da", aldarrikatu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek.
La Caixak espekulatu egiten du
Sindikatuak aurrez ere jakinarazi izan duenez, La Caixak 2008ko krisiaren ondoren prezio oso baxuan erosi zituen higiezin ugari, eta alokairuan ditu gaur egun ("murriztutako" errenten truke alokairuan dituen etxebizitza-blokeak kasu); "legez kanpoko klausulekin, gune komunekiko arduragabekeriarekin eta kudeaketa txarrarekin". Helburu bakar batekin egiten du hori guztia: "etekinak handitzea".
"Maizterren eskubideak urratzen" ditu bankuak "errentagarritasuna handitzen" saiatzeko, sindikatuaren esanetan: "OHZ ordainarazten die, egiturazko instalazioen konponketa-gastuak eskatzen ditu, ez-ordaintze aseguruak kontratatzera behartzen ditu, muga legalak gainditzen dituen gordailua nahi du" eta abar. Gainera, La Caixak edonolako oztopoak jartzen dizkie bizilagun horiei, "kudeatzaileekin arazo horiek konpontzeko harremanetan jartzean".
Maizterrak, eskutik La Caixaren aurka
"Euskal Herriko hainbat bloketako bizilagunek urteak daramatzate La Caixako higiezinen kudeatzaileari kexuka, inolako erantzunik lortu gabe", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hala, indarrak batu dituzte banketxe horrek alokairuan dituen zortzi etxebizitza-bloketako maizterrek, eta sindikatuarekin batera antolatzea erabaki dute, abusuzko klausulen kontra borroka egiteko. 100 bat bizilagun daude antolatuta une honetan, eta Gasteizen (Araba), Arrasaten (Gipuzkoa), Erandion (Bizkaia) nahiz Bilboko Zorrotzan eta Boluetan bizi dira.
Hiru aldarri nagusi egin dizkiote La Caixari: "amaitzear dauden kontratuak dituzten familien kontrako etxegabetze ahalegin oro eten dezala", "berehala ken ditzala abusuzko klausulak kontratu guztietatik", eta "bizilagunen ordezkaritzarekin bildu dadila gainerako auziak negoziatzeko". Hori lortzeko, antolatzea ezinbestekotzat jo dute sindikatuko kideek: "Antolamenduarekin eta borrokarekin soilik egin ahal izango diogu aurre etxebizitzaren negozioari".
Apirilaren 5ean, Donostiara
Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduek mobilizazio egun bat iragarri dute hamaika lekutan datorren apirilaren 5erako, eta Euskal Herrian ere lur hartuko du horrek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ekimenez. Egun horretan Euskal Herrian ere mobilizatzera deitu du sindikatuak, Donostian (Gipuzkoa) hain zuzen ere, etxebizitzaren negozioaren aurka. Sindikatuak azpimarratu du "irtenbiderik" ez dela izango "enpresarien eta politikarien eskutik", eta etxebizitza "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala" lortzeko antolatzera deitu du.