Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketaren aurreneko artikulua kaleratu du Argia-k, eta Errenteria auzia delakoa lantzen du bertan. Izan ere, Errenteriako Udalaren lan-deialdi bateko euskara-eskakizunaren aurkako sabotajea antolatuta zegoela eta eginbideen atzean CCOO sindikatua eta Euskara Denontzat elkartea zeudela jakinarazi du. Osakidetzako Unidas por la Libertad Lingüística plataformaren bitartez jardun zuten horretarako.
Unidas por La Libertad Lingüística plataformako kide bat, Maria Isabel Veiras, Errenteriako Udalaren lan-deialdi publiko batera aurkeztu zen iazko azaroan, Osakidetzan postu finkoa izan arren. Deialdiko euskara-eskakizunaren kontrako helegite bat aurkeztu zuen, ordea, hura atzera botatzeko asmoz. Udalak gerora jakinarazi du bertan behera utzi behar izan duela administrazioko 25 lanpostu betetzeko lan-deialdia, euskara-eskakizunaren aurkako helegite bat jarri zuelako pertsona batek.
Veirasek ez zuen bakarrik jokatu, ordea: Euskara Denontzat elkartea zuen atzean (berak ordaindu zuen prozesu horretarako abokatua), bertako presidente eta CCOOko kide Sabin Zubiri batik bat. Veirasek berak pertsona bati aitortu zion Zubirik "eramaten" zuela "guztia", Whatsappez izandako elkarrizketa batean. Hura argitaratu du Argia-k.
2022tik dago martxan Euskara Denontzat elkartea, eta bere estatutuen arabera, "Euskadiko hizkuntza-politikari buruzko eztabaida oinarri pluralistekin sustatu nahi duen talde" bat da. Zubiri da elkarteko burua, eta bera da erreferentzia nagusia CCOOk euskara-eskakizunen arloan izandako eginbideetan, Argia-k gogorarazi duenez.
Hedabideak ohartarazi duen modura, euskara-eskakizunen aurka han-hemenka aurkeztu diren helegiteen atzean CCOO dagoela seinalatu izan dute hainbat eragilek azken urteetan, nahiz eta sindikatuak hori ukatu izan duen. Baina Errenteria auzia-rekin, adibidez, CCOOk lotura izan zuela erakutsi du Argia-ren ikerketak, eta helegite bidezko eginbideetako antolaketa utzi du agerian.