Hilabete honen hasieran eman dute beste Kontseilu Sozialista baten sorreraren berri Euskal Herrian: Ezkerraldean ere antolatu dute Kontseilu Sozialista, "antolakuntza komunista eskualdean hedatzeko bidean". Ezkerraldeko kideek azaldu dutenez, "borrokatzeko tresna politikoa" izango da Kontseilua, "bizi-baldintzen okertzearen eta autoritarismoaren gorakadaren aurka, eta kalitatezko bizi-baldintza unibertsalen eta langileon askatasun politikoen alde". Eta helburu nagusia argia da: "eskualdean gero eta jende gehiago antolakuntza komunistara batzea", "kapitalismoaren gaitzak gainditu ditzakeen irtenbide bakarra gizarte-eredu sozialista sortzea" dela ulertuta.
Ezkerraldeko Kontseilu Sozialistaren jaiotzaren berri eman ostean, aurreko astean aurkeztu zuten antolakunde berria jendaurrean, Portugaleteko (Bizkaia) Merkatuan. Jakinmina piztu zuen aurkezpen-saioak, eta jende ugari bertaratu zen iluntzean, Kontseilu Sozialistaren jardunaren eta nondik norakoen berri izateko. Hurbildu ziren guztiei eskerrak eman dizkiete Kontseilu Sozialistako kideek.