ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/24 13:30

Amaitu da aurtengo Gazte Topagune Sozialista. Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek deituta, asteazkenean elkargune sozialista bilakatu zuten Durango (Bizkaia); azken lau egunetan, 2.000 gazte baino gehiago bertaratu dira hara. "Topagune hau ere antolakuntza eta borroka prozesuaren parte bezala ulertu behar dugu; izan ere, norabide estrategikoaren inguruan hitz egiteaz gain, komunitate politikoa sendotu eta aurrera begirako indarrak biltzen ditugu hemen", azaldu zuten atzo GKSko eta IAko kideek, edizio honetako ekitaldi politiko nagusian. Landako Gunean izan zen ekitaldia, arratsaldean.

"Egun hauetako ekimen desberdinen bitartez, sozialismoaren aldeko sarea sendotzen eta hedatzen jarraitzen dugu", esan zuten ekitaldian hitza hartu zuten kideek: "Nahiz eta badagoen gure jardun politikoa oztopatu, demonizatu eta kriminalizatu nahi duenik, ez gaituzte kikilduko; gure burua defendatuko dugu eta sozialismoaren bidean pausoak ematen jarraituko dugu. Gure indarguneak gure ideietan, antolakuntza ereduan eta Kapitalaren aurkako praktika politikoan daude. Bide horretan jarraituko dugu, konpromiso eta determinazio osoz".

Urrats garrantzitsuak

"Egunero egiten dugun lan desinteresatua emaitzak ematen ari da: sozialismoaren eraikuntzarako bitartekoak sortzen ari gara eta jada lurralde desberdinetara zabaltzen hasiak gara", jakinarazi zuten atzoko ekitaldian: "Gugandik askoz harago doan zerbait ari gara sortzen: proiektu historiko indarberritu bat, zapalkuntza guztiak gainditzea helburu duen proiektu komunista, eskualdez eskualde antolatua eta perspektiba internazionalistarekin lanean ari dena. Gugandik askoz harago doan mugimendua da hau, izan ere, belaunaldi eta lurralde desberdinetara zabaldu daiteke".

"Baina, gugandik harago badoa, egunerokoan gutariko bakoitzak daukan konpromisoak baino ez du bizirik mantentzen", aldarrikatu zuten; hori gabe "ahuldu, desartikulatu eta desagertu egiten da". "Ez dago sozialismorik modu desinteresatuan bere alde lanean ari den militantziarik gabe. Eta militantzia hori ez da soldatapeko lanez mantentzen den zerbait, motibazio eta konbikzio etiko batek mantentzen duen zerbait baizik. Horregatik, komunismoa da batzen gaituen hautua", gaineratu zuten.

Gazte Topagune Sozialista, hain justu, "lan horren guztiaren islatzat" daukate GKSk eta IAk. Eskerrak eman zizkieten Topagunea aurrera ateratzeko askotariko lanak egin dituzten pertsona guztiei nahiz urte osoan zehar lan militantean aritu direnei, baita "Mugimendu Sozialistaren mobilizazioetara joan eta babesa erakusten" dioten guztiei ere. Bestalde, gogoan izan zituzten "urtean zehar burgesiaren egunkari eta komunikabideen kriminalizazioa pairatu" dutenak, jazarpen poliziala pairatu dutenak, "ardura handiko lanak egiten jarraitzen" dutenak nahiz "gure militantzia politikoagatik mehatxu, lintxamendu eta intoxikazioak jasan behar izan" dituztenak. "Antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu", argitu zuten.

Posizio irmoak

"Komunismoaren hautuak batzen bagaitu ere, agente politiko eta ekonomiko desberdinek ere beraien hautuak egiten dituzte, eta gero eta argiagoa da bankari eta enpresari handiek egin duten hautua: egiturazko krisi kapitalistaren testuinguruan, langileriaren soldatak arpilatzeko erabakia hartu dute, egungo kapitalismoaren faseak posible egiten dituen irabazien marjinak handitu ahal izateko", seinalatu zuten ekitaldian: "Onuradun nagusiak kapital finantzarioa eta enpresari handiak dira, baina baita estatu kapitalistak ere, tartean Frantziako eta Espainiako estatuak. Garbi dago Estatua ez dela instituzio neutral bat, burgesiaren boterearen beste adierazpen bat baizik, eta etengabekoa da Estatuaren eta enpresari handien arteko kolaborazio eta aliantza estrategikoa".

"Ezin dugu ahaztu alderdi parlamentarioak estatuak eta enpresariek finantzatzen dituztela, beraien egoitzetatik hasi eta politikarien poltsikoetaraino. Politika burgesean, banku zentralek eta korporazio finantzarioek agintzen dute, beraiek direlako dirua jarri eta erabaki estrategikoak hartzen dituztenak", zehaztu zuten GKSk eta IAk. Zentzu horretan, esan zuten "bankari eta enpresari handiekin duten atxikimendu eta funtzionalitate mailaren arabera, alderdi batzuek besteek baino pisu handiagoa hartzen" dutela, baina "alderdien sistema guztia arazoaren parte" dela, eta "ez irtenbidea". "Argi geratu da hori azken urte hauetan; izan ere, krisi kapitalistak, pandemiak zein gerra inperialistek burgesiaren agenda politikoa markatu duten honetan, estatuek eta alderdi politikoen sistema guztiak, enpresari handien aldeko maniobrak egiteko balio izan dute", gehitu zuten.

"Gaur egungo auzi nagusi guztiak klase borrokak zeharkatzen ditu eta horiek ezin dira estatu kapitalisten bitartez gainditu", defendatu zuten GKSk eta IAk: "Estatu kapitalistak ez dira indar askatzaileak; kontrara, problematika horiek erreproduzitze dituzte eta hortik elikatzen dira".

Preso politikoen auziarekin, hain justu, horixe gertatzen dela azpimarratu zuten: "Espainiako eta Frantziako estatu burgesen baitan ezin zaio irtenbide errealik eman auzi horri. Biolentziaren kontrako diskurtso faltsu eta interesatu baten baitan, estatu horiek preso politikoen aurkako mendeku-politika zapaltzaileak aplikatzen dituzte eta, besteak beste, beraien izaera politikoa desagerrarazi, eskubideak behin eta berriro ezabatu, xantaia instituzionalerako bitarteko bezala erabili, mehatxatu, jazarri, eta dena delakoak egiten dituzte". Hala, Topagunearen aurreko edizioetan egin modura, preso eta iheslari politiko guztien amnistia aldarrikatu zuten atzoko ekitaldian.

Aldi berria

"Irekitzen ari den fase kapitalista berria aurrekoa baino autoritarioagoa da eta horren oinarrian dagoen kausa nagusia krisi kapitalista da", nabarmendu zuten beste behin: "Oinarri horren gainean, diru-gosez diren harrapakariak baino ez dira enpresariak, beraien arteko lehia erraldoi baten barruan langileriaren soldatak arpilatu eta botere ekonomiko zein politikoa handitzea helburu dutenak".

Bestalde, azaldu zuten "gero eta nabarmenagoak" direla "ezegonkortasuna eta egiturazko hondamendiak: "krisi ekonomikoa eta soziala, larrialdi klimatikoa, tentsio diplomatikoak, gerra inperialistak...". Testuinguru horretan, "berezko osagai bat" bihurtzen da autoritarismoa, baina ez hori bakarrik: "Gero eta jendarte zabalagoa proletarizatuz doa, proletalgoaren eskubideak sistematikoki ezabatzen dizkigute, poliziaren baliabideak eta inpunitatea handitu baino ez dira egin, joera faxistak indartuz eta hedatuz doaz, jendartearen mugikortasun eredua eta zerbitzuak murrizten ari dira, eta abar luze bat. Finean, pobrezia gehiago eta eskubide gutxiago, eta proletariotza modu independentean antolatzeko gero eta zailtasun gehiago".


Bide-orria


"Horren aurrean antolatu eta alternatiba bat eraiki behar dela begien bistakoa da", azpimarratu zuten GKSk eta IAk: "Guk proposatzen duguna zera da: langileria alderdi iraultzaile bezala antolatzea eta alternatiba komunista bat gorpuztea internazionalki, egungo baldintzetara egokitzeko gaitasuna izango duena". "Mendebaldeko gazteria proletarioak ez dauka tokirik fase berri honetan, eta burgesiaren eta politikari profesionalen sistemarekin hautsi behar dugu, geure burua modu independentean antolatuz eta bide-orri komunista propio eta eguneratu bati erantzunez", aldarrikatu zuten.

"Langileria desartikulatuta eta Alderdi Komunistaren gerizpean antolatuta ez badago, ez dago eskubideen konkistarako eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikorako aukerarik", iritzi diote GKSk eta IAk.

"Mugimendu Sozialistatik garbi adierazi nahi dugu langileriaren aurkako erasoak salatzeko eta horiei aurre egiteko konpromisoa daukagula, bai eta sozialismoaren norabidean proposamenak egin eta antolakuntza graduak handitzen joatekoa ere", azaldu zuten, amaitzeko, ekitaldi politikoan. Lanerako "norabidea" zein den argitu zuten, hala: "bankari, enpresari handi eta politikari profesionalen kontrolpeko estatu kapitalistaren aurrean, langileriaren kontrolpeko estatu sozialista eraikitzera goaz, baliabide guztiak langileriaren kontrolpean jarriko dituena; eta horretarako beharrezkoa da alternatiba komunista maila internazionalean gorpuztea".

"Alderdi Komunista internazionala eta Euskal Estatu Sozialista prozesu beraren parte dira", ondorioztatu zuten IAk eta GKSk: "Ulertzen dugu Euskal Herriaren askatasuna sozialismoaren eraikuntza internazionalari lotuta dagoela, eta Euskal Estatu Sozialistaren forman ulertzen dugu".

NO HAY COMENTARIOS