Kelvion Thermal Solutions enpresak Igorren (Bizkaia) duen plantako langileek protestak hasi dituzte gaur, hilak 26, eta 24 orduko zaintzak egiten ari dira lantegiaren sarreran. Azaroaren 11n, enpresako zuzendaritzak lantegia ixteko asmoa agertu eta kaleratze kolektiboa gauzatzeko enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zuen. Horren aurrean, beharginek mobilizazioak egingo dituzte hurrengo egunetan.
Berria-k jakinarazi duenez, asteartean, langileek bigarren bilera izan zuten zuzendaritzarekin, eta abenduaren 12ra arte egongo dira negoziazio prozesuan. Atzo, gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen Sailarekin bildu ziren.
Bestalde, langile batzordeko presidenteak Berria-ri adierazi dio "enpresaren egoera ez dela txarra eta azken asteetan milioi bat euro inguruko hiru enkargu Poloniako plantara bideratu dituztela". Haren ustez, zuzendaritzak Poloniara lekualdatu nahi du ekoizpena, han "lan-baldintzak kaskarragoak" direlako. Enpresak itxi egin nahi ditu Espainiako Estatuan dituen beste bi plantak ere.