ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/05 13:45

"Krisi klimatikoari aurre egiteko beharrak eta inbertsio aukerak elkar lotzeko helburuz", Barakaldoko (Bizkaia) BECen izango da laster Munduko Bankuaren urteroko Innovate4Climate konferentzia. "Mundu osoko herrialdeetako agintariak eta inbertsio funtsetako zein enpresa teknologiko pribatuetako nagusiak" elkartuko dira goi-bilera horretan, maiatzaren 23tik 25era bitartean.

Horren harira, agerraldi bat egin dute gaurkoan, eta mobilizazio bat iragarri dute: Munduko Bankuari ez. Kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena lelopean, manifestazio bat antolatu dute maiatzaren 23rako. Barakaldoko plazatik irtengo da, 18:30ean. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, NATO eta EBren Aurkako Herri Ekimena nahiz Euskal Herria Bizirik daude deitzaileen artean.

Hamaika tresna oligarkiaren eskura

Adierazpen bat ere argitaratu dute gaurkoan, mobilizazio deialdiarekin batera. "Oligarkia finantzario internazionalak bere intereseko politika ekonomikoak mundu mailan egikaritzeko sortu dituen instituzioen adibide da Munduko Bankua, esaterako Nazioarteko Diru Funtsa (FMI) edo Munduko Merkataritza Erakundea (OMC) diren bezala", azaldu dute deitzaileek hilabete honetako goi-bileraren harira: "Oligarkia finantzarioa da, instituzio horien eta banku zentralen bitartez, langile klase osoaren pobretzea bultzatzen duten politika finantzarioen arduraduna; soldaten jaitsiera orokorra, zorpetze masiboa eta zerbitzu publikoen desegitea bultzatuz".

"Atzeraldi ekonomikoa" nagusi den garai honetan, gainera, oligarkiak "estatuen eta horien politika nagusien gaineko kontrola" eta "herrialdeek sistema globalean duten posizioa zehazteko gaitasuna" areagotu dituela seinalatu dute. "Munduko Bankua bezalako instituzioak baliatzen ditu elite ekonomikoak munduko hegoaldeko lurraldeen gaineko dominazio inperialista ezartzeko, herrialde azpigaratuetan inbertituz, lehengaiak esplotatuz eta horietako langileriaren gainesplotazioa sustatuz", xehatu dute.

Krisi klimatikoaren jatorria eta erantzuleak

"Larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da oligarkia finantzarioarentzat", salatu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Horren adibide modura aipatu dituzte "energia berriztagarrien merkatua, inguru naturalak suntsitzen dituzten makroproiektuak, energia-iturri berrien bilaketa, klima aldaketak kolpatutako lurralde txiroen berreraikuntza eta abar". Krisi kapitalista garaia izanda, "oligarkiaren trantsizio ekologikoaren fartsa", hain zuzen, "irabazi kapitalista ziurtatzeko eta metaketa-dinamika berraktibatzeko saiakera berri bat besterik ez" dela iritzi diote.

"Beharrezkoa da azaleratzea gizarte-antolaketa ekonomiko kapitalista dela larrialdi klimatikoaren jatorria, berezkoak zaizkion ekoizpenaren irrazionaltasuna eta etengabeko metaketa-beharrengatik", sakondu dute mobilizazioaren antolatzaileek. "Oligarkia finantzarioa, metaketa kapitalistaren dinamika zuzentzen duen agente aktibo gisa, larrialdi klimatikoaren erantzule zuzena da, eta konponbidea ez da inola ere etorriko hark gidatutako ustezko politika jasangarrien eskutik", ondorioztatu dute.

Jasangarritasuna sistema kapitalistaren barruan?

"Gizarte-eredu kapitalistak atzerabiderik gabeko egoera batera eraman dezake larrialdi klimatikoa, eta, horrekin batera, erabateko miseria egoerara langile klasea", ohartarazi dute gaurkoan. "Arku parlamentario osoko alderdi instituzional guztiek oligarkia finantzarioak zehaztutako mugen barruan kokatzen dituzte euren programak, eta haien aginduak gauzatzera mugatzen dira", esan dute: "Kapitalismoaren barruan jasangarritasun ekologikoa bultzatzeko proposamenek ezin dute oligarkia finantzarioak planifikatutako politiketatik at jardun, eta larrialdi klimatikoa bera eragin duen ordena soziala erreproduzitzen bukatzen dute".

"Ezinbestekoa da kapitalismoarekin bukatzea; hau da, ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzea, lehengaien erabilera jasangarria eta ingurugiroarekin harreman orekatua gauzatzea ahalbidetuko duen gizartea eraikitzea", nabarmendu dute adierazpenean. "Gizartea antolatzeko beste modu bat" aldarrikatu dute zehazki, "ingurugiroarekin oreka" ahalbidetzeko eta "ezberdintasun sozialak gainditzeko", besteak beste. "Horretarako, beharrezkoa da langileok oligarken botereari aurre egitea, ekoizpen-baliabideen kontrola interes berekoi eta pribatuen baitakoa izan beharrean, interes sozial orokorren araberakoa izan dadin", iritzi diote.

Horri lotuta, beraz, maiatzaren 23an Barakaldon mobilizatzera deitu dute, "eliteen ekologiaren diskurtsoaren eta oligarkia finantzarioaren instituzioen aurka".


NO HAY COMENTARIOS