ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/19 09:44

Mercedes enpresako zuzendaritzaren arabera, behera egin du Gasteizko (Araba) fabrikarako eskaerak, eta hori baliatu du milaka langileren lanpostuak kolokan jartzeko. Izan ere, datorren martxoan automobilgintza lantegiko ekoizpena txikitzea erabaki du, eta, horretarako, hiru lanaldi izan ordez, bederatzi orduko bi egongo dira egunean. Sindikatuek salatu dutenez, hori hala izango balitz, "plantillak ez luke behar bezala atseden hartuko", eta "ekoizpen-katean 600 bat pertsona soberan egongo lirateke".

Baina, Mercedesen ekoizpen-kateko ehunka behargin ez ezik, Arabako beste 3.000 langile daude arriskuan: Mercedesek azpikontratatutako enpresetan aritzen dira, hornidura-sarean. Ekoizpena murriztuko balitz, azpikontratatutako hainbat enpresak irekiko lituzkete aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, eta kale gorrian geratzeko arriskuan egongo lirateke beharginak.

Greban dauden langileak ordezkatzen ari da Gasteizko Udala

Bestalde, astelehen honetan ekin diote grebari Gasteizko Amvisa enpresako bost langilek, eta abenduaren 15era arte luzatuko dute. Azaldu dutenez, zerbitzu minimoetarako pertsona bakar batek egon beharko luke lanean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zenbait lan zehatz egiteko.

Hala ere, langileak ordezkatzen ari da Gasteizko Udala, eta beharginek greba egiteko duten eskubidea urratzen ari da. Amvisak segurtasun-enpresa bat kontratatu du, eta bezeroei lehen arreta ematen ari da, greban dauden langileek soilik bete beharko luketen lan bat. Hori ez ezik, ur-sozietate publikoko beharginak ere bidali dituzte Amvisakoen lan batzuk egitera.

Hilabete bateko greba

Udalak azpikontratatutako ur-hornidurari dagokionez, bezeroen arretaz arduratzen da Amvisa, eta sei langilek osatzen dute plantilla. Greba egitea erabaki zuten, lan-baldintza txarrei aurre egiteko. Izan ere, 30 orduko lanaldi partzialak dituzte, 1.100 euroko soldataren truke, eta langile nahikoa gabe hartu behar izaten dute euren gain lan-karga handi bat. Baldintza horiek "milaka gasteiztar behar bezala artatzea eragozten dute", azpimarratzen dutenez.

2011tik berritu ez den Bizkaiko bulegoetako hitzarmena aplikatzen zaie Amvisako beharginei, eta lan-hitzarmen propio bat exijitzen dute. Gainera, subrogazioa ere aldarrikatzen dute. Kritikatu dutenez, Amvisak azpikontratazioa utziko balu, langile guztiak egongo lirateke kale gorrian geratzeko arriskuan, ez baitago euren lanpostuak ziurtatzeko berme juridikorik.

NO HAY COMENTARIOS