ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/24 19:50

2020an hasi ziren Donostian (Gipuzkoa) Kaleko Afari Solidarioak (KAS) antolatzen. Hainbat auzotan prestatzen eta ematen dituzte afariak gaur egun, eta 300 pertsona ingururi bermatzen diete jatekoa modu horretan, "horietako asko gazteak eta migratzaileak", boluntarioek jakinarazi dutenez.

Egian ere banatu dituzte afariak orain arte, baina bertan mobilizatu zen faxista talde bat astelehenean, elkartasun-ekimenaren kontra. Tartean ziren PPko zinegotziak. Udalak men egin die faxistei, eta Egian afari solidarioak ematea debekatu du, nahiz eta auzo horretan 100 lagun inguruk afaltzen zuten elkartasun-ekimenari esker.

Azken erasoak: Loquenosecuentadedonosti

Azkenaldiko erasoak direla-eta, agerraldi jendetsu bat egin dute gaur arratsaldean KASeko kideek. Ohartarazi dute, hala, "egoera lazgarria areagotu" egin dela, Donostian ustez "segurtasuna" aldarrikatzen duen sare sozialetako talde batek "jomugan" jarri dituelako afari solidarioak. "Suntsitu egin nahi dituzte, desagerrarazi", zer eta "segurtasunaren" izenean. Izan ere, talde horren "diskurtsoaren arabera", elkartasun-afariak dira kaleetako "segurtasun ezaren sorburua".

Telegram kanal baten bidez, adibidez, KASen parte hartzen duten boluntarioak "seinalatu, iraindu, kriminalizatu eta mehatxatu" dituzte. Eta afariak jasotzen dituzten pertsonak "jipoitu dituzte eta pareko ekintza-mezuak sustatu eta egikaritu" dituzte, agerraldian azaldu dutenez.

Eraso-olatu horretan azkena izan zen, hain zuzen ere, joan den astelehenean egindako protesta. Afari solidarioak ematen diren leku eta ordu berean bertaratu ziren faxistak. Deialdiaren berri izatean, afaria lehenago eman behar izan zuten KASeko boluntarioek, "konfrontazio oro saihesteko".

Elkarretaratzean zalaparta sortu zuten faxistek, eta "liskarrak sortu ziren kontzentratuta zeuden pertsonen eta ingurukoen artean". Ez zegoen elkarretaratzea egiteko baimenik eskatuta, baina protesta baimendu zuen Ertzaintzak, prentsaurrekoan gogorarazi duten modura.

Hainbat argipen egin ditu KASek astelehenean gertatutakoaren harira, besteak beste, ez zuela "kontzentrazioa oztopatu" eta ez zuela "kontra-kontzentraziorik deitu".

Udalaren debekua

Atzo arratsaldean, Egiako afarien banaketa-gunean, udaltzainek jakinarazi zieten boluntarioei udalak debekatu egin duela auzo horretan elkartasun-afariak ematea. "Idatzizko komunikazio formala eskatu zitzaien, baina ez zutela erantzun zuten. KASek behinik behin ez du idatzizko jakinarazpen formalik jaso, beraz, ez daki debekuaren arrazoiak zeintzuk diren", gogorarazi du. Hala ere, gaur, elkartasun-afariak ematen ez direla ziurtatzeko eta udalaren debekua betearazteko, polizia-dispositibo erraldoi bat prestatu dute Egian udaltzainek eta ertzainek.

Gainera, KASek nabarmendu du azken lau urteetan hainbatetan bildu dela udaleko gizarte-zerbitzuekin, "kale-egoeran dauden pertsonentzako soluzio integral bat exijitzeko" eta, esaterako, "jantoki sozial baten soluzioa" mahaira ateratzeko. Halako ekimenak martxan jartzetik urrun, lan boluntarioaren bidez antolatzen diren afari solidarioak debekatu ditu udalak, ordea.

Gezurrak eta kriminalizazioa

KASek, bestalde, gaurkoan Donostiako Hiri-Segurtasun zinegotzi Martin Ibabek esandako gezurrak gaitzetsi ditu. Zinegotziak esan du aurreko astean afari solidarioetan "laban, matxete, pastilla, droga eta abar konfiskatu" zirela, eta horrek "lotura zuzena" duela delituekin. "Guk hitz horiek guztiz gezurtatu nahi ditugu", diote boluntarioek.

Era berean, elkartasun-afarietara bertaratzen diren pertsonen inguruan hitz egin dute: "Jatekorik gabe, aurkitzen dituzten txokoetatik eta azpietxebizitzetatik botatzen dituzte etengabe eta Poliziaren indarkeria jasaten dute aldizka, fisikoa zein hitzezkoa [...]. Etorkizun hobe baten bila etorri diren pertsonak dira asko, eta aurrera egiteko laguntza eta baliabideak jaso beharrean, muturreko gizarte-bazterketa bizi dute".

NO HAY COMENTARIOS