Ostiral arratsaldean eman zuten berri izugarria: Donostiako (Gipuzkoa) Altza auzoan, kale-egoeran zegoen pertsona batek bizia galdu zuen, bizitokitzat zuen txabolak su hartuta. 18:00ak aldera gertatu zen, eta sutea itzaltzean aurkitu zuten gorpua larrialdi-zerbitzuetakoek. Oraindik ez dute argitu zergatik piztu zen sutea, ezta hildako laguna nor zen ere.
Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez, aurtengo neguan kale-egoeran hil den hirugarren pertsona da Gipuzkoako hiriburuan. Larunbat arratsaldean, hala, protesta bat egin zuen sindikatuak Larratxoko Plazan, Etxebizitza gabeziak hiltzen du lelopean.
Beste bi hildako abenduan eta azaroan
Abenduaren 16an jakinarazi zuten etxerik gabeko lagun bat hilik aurkitu zutela Eason, gaua bertan egin ondoren konortea galdu eta gero, eta zenbait aste lehenago, azaroaren 20an, kale-egoeran zegoen beste pertsona bat zendu zen hirian.
Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen bi heriotza horiek ezkutatzen saiatu zela udala (EAJ), eta nabarmendu zuen halako heriotzak ez direla "naturalak", "hilketak baizik". "Guztiei etxebizitza bat bermatzeko baliabide nahikoak dituen sistema batean, heriotza bakoitza saihestu zitekeen heriotza bat da, eta, beraz, erantzuleak dituen heriotza bat; etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresariengandik hasi eta negozio horiei alfonbra gorria jartzen dieten instituzio publikoetaraino", zioen.
Etxegabetze masiboak Donostian
Biktima horiek guztiek, gainera, Donostian kale-egoeran dauden ehunka lagun desalojatzen ari direnean gertatu dira. Donostiako Udalaren ekimenez, Zardoya Otis zegoen eremuko eraikinak eraisten ari dira, beste bizitoki-alternatibarik ez duten ehunka pertsona horietan bizi diren arren; eta Martuteneko Agustindarren eskola ere abenduan hustu zuten, etxerik gabeko 100 pertsona baino gehiago kalean utziz.