ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/08 09:28

Agerraldi bat egin zuen atzo Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, asilo-eskatzaile andanak (gehienak, gerratik ihes egin duten maliarrak) udaren hasieratik jasaten duten egoera salatzeko: "Dozenaka pertsona egon dira kalean lo egiten, Espainiako Poliziak Salburuan dituen bulegoen aurrean". Irailean ere seinalatu zutenez, euren asilo-eskaerak tramitatzeko esperoan daude pertsona horiek, eta erakunde publikoek ez dietenez "alternatiba duinik" eskaintzen, euren burua behartuta ikusten dute kalean bizitzera; Salburuako arkupeetan nagusiki.

Irailean, beste herri batzuetako harrera-zentroetara eraman zituzten hainbat, baina jendeak etenik gabe jarraitu du Gasteizera mugitzen, asilo-eskaerak tramitatzeko. Une honetan, 40 bat lagun bizi dira aipatutako arkupeetan, "janari berorik gabe edo oinarrizko zerbitzurik gabe". Sindikatuak ohartarazi du, gainera, datozen egunetan ez dituztela haien hitzorduak Salburuan kudeatuko, Olagibel kaleko bulegoetan baizik; eta kezka erakutsi du instituzioek asilo-eskatzaileekin har dezaketen jarrera dela-eta: "Udalak har dezaken jarrerak kezkatzen gaitu, denok baitakigu nola jokatzen duten hiriko erdiguneko pobrezia 'desagerrarazten' saiatzeko".

Prozesu burokratiko amaigabeak

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, prozesu burokratiko amaigabeak ezartzen dizkiete asilo-eskatzaileei. Batez ere, Frantziatik edo Alemaniatik mugitzen dira Gasteizera, asiloa Europar Batasunera lehen aldiz sartzen den herrialdean izapidetzera behartzen baititu legediak. Sekulako trabak jartzen dizkiete, ordea: "Hitzorduak 2026ko udarako ematen ari dira. Haien egoera etsigarria da".

Horrez gain, "gainezka" daude gizarte-zerbitzu publikoak, eta "erakunde publiko bakar batek ere ez du egoeraren ardura bere egin", sindikatuaren esanetan. Eta gaineratu du: "Bitartean, etengabe, pertsona berriak iristen dira eta erabateko babesgabetasun-egoeran aurkitzen dira; labirinto burokratiko kolapsatu batean, ulertzen ez duten hizkuntza batean tramitea egitera behartuak, atsedenerako lekurik gabe, gero eta tenperatura baxuagoekin, eta otordu beroak jateko edo komunera joateko aukerarik gabe".

Instituzioen pasibotasunaren aurka, klase-elkartasuna

Instituzio publikoen pasibotasunaren kontra, eta asilo-eskatzaileekin elkartasunez, erantzun antolatua izaten ari da Gasteizen: "ahal den neurrian laguntza, baliabideak eta oinarrizko produktuak" lortzen ari dira hiriko hainbat kolektibo, tartean, Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Erakundeen utzikeriari aurre eginez, sindikatuak beharrezkotzat jo du klase-elkartasuna antolatzea; "garrantzitsua delako langile-klasea batuko duten laguntza-sareak sortzea" eta "horrelako
ekimenek atea ixten dietelako jarrera eta ekintza erreakzionarioei".

Horri lotuta, eta aurrez ere egin duen modura, oinarrizko produktuen eta berokien bilketak antolatu ditu sindikatuak datozen asteetarako. Hiru hitzordu jarri ditu momentuz, 18:00etatik 20:00etara bitartean guztiak: urriaren 17an Salburuako gizarte-etxean, urriaren 24an Alde Zaharreko Faroloian, eta urriaren 31n Aranan, Itxasberriko Plazan.

Ez da auzi koiuntural bat

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, asilo-eskatzaileek Gasteizen pairatzen duten egoera ezin da "egoera koiunturala bailitzan tratatu edo asistentzialismo hutsera mugatu". Azpimarratu du, hala, egiturazkoak direla behartutako migrazioaren arrazoiak: "Egun Gasteizen asiloa eskatzen duten pertsonak gerra eta krisi humanitarioko testuinguru batetik datoz, Sahel inguruan ezegonkortasuna erabatekoa baita, mendeetako espoliazio kolonialistaren
ondorioz". 

"Migrazioa ez da modu isolatuan amaitu daitekeen zerbait. Bere horretan jarraituko du eta areagotu egingo da, bere kausek dirauten bitartean; hau da, dominazio inperialistan oinarritutako sistema kapitalistak dirauen bitartean", sakondu du.

NO HAY COMENTARIOS