Atzo, hilak 28, senideei telefonoz deitu ahal izan zien azkenean Jon Enparantza preso politikoak, Estremerako (Madril) kartzelatik. Ostiralean atera zuten Zaballako (Araba) espetxetik, eta Espainiako Espetxe Erakundeen eskutik, urrundu egin dute. Hain zuzen, Burgosen, Valladoliden, Topasen, Palentzian eta Valdemoron izan dute atxilo egunotan, eta atzo iritsi zen Estremerara. Gaur gaurkoz jakinarazi duten informazioaren arabera, han izango dute preso aurrerantzean.
Bahiketa
Enparantzaren senideek ostiralean bertan jakin zuten lekualdatu egingo zutela, baina modu ez-ofizialean. Dena den, larunbat arratsaldean oraindik ez zuten bere berri, eta ez zekiten non zegoen. Espetxe Erakundeek ez zieten inolako informaziorik eman, eta Enparantzari ez zioten telefonoz hots egiten utzi. Hala, etxekoek salatu zuten "bahituta" zutela presoa.
11/13 sumarioan espetxeratua
Irailaren 30ean espetxeratu zuten Enparantza, bost hilabeterako, Arantza Zuluetarekin batera. 11/13 sumarioan Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 47 kideetako bat da. Irailaren 16an izan zen makroepaiketa Madrilen, eta auzipetuek akordioa erdietsi zuten fiskaltzarekin. Horren barruan, bi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Enparantzari.
Aurretik behin-behinean preso izan zutenez, zigorra amaitzeko kartzelaratu zuten berriz iraila amaieran; bost hilabeterako, alegia. Zaballan hasi zuen espetxealdi berria, baina urrundu egin dute orain.
Arantxa Zulueta izan zen 11/13 sumarioan espetxeratua izan zen bigarren kidea. Hiru urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten, eta Enparantza bezala, Zaballan sartu zuten atxilo. Han jarraitzen du egun.