AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Auzipetuen argazkia Auzitegi Nazionalaren atarian. Argazkia: @47akHerrian
2019/09/16 12:02

Gaur, irailak 16, hasi da Madrilen 11/13 sumarioko auzipetuen aurkako makroepaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETA erakundearen "espetxe frontea" osatzea eta "erakunde terrorista baten parte izatea" leporatuta eraman dituzte epailearen aurrera. 47 auzipetuen artean dira Herrira koordinakundeko kideak, Etxerat preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteko kideak, EPPK-ren bitartekariak, abokatuak eta Jaiki Hadi-ko osasun arloko profesionalak. Guztira 601 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak.

Goizeko 10:00ak jota hasi da akusatuen aurkako auzi saioa Madrilen. Berria egunkariak jakinarazi duenez, 10:18an hasi dira auzipetuak fiskalaren galderei erantzuten, "banaka", eta leporatzen zizkieten delituak "onartu" dituzte guztiek. Akordioa agerian, fiskalak eskaera berriak egin ditu auzipetuentzat.

Fiskalarekin eta AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioekin egindako akordioaren barruan, hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Arantza Zuluetari, eta bi urte eta zazpi hilabetekoa Jon Enparantzari. Gainontzeko 45 auzipetuentzat bi urte eta urtebete eta sei hilabeteko zigor eskaerak egin ditu fiskalak, "erakunde terrorista batean parte hartze aktiboa izatea" egotzita. Onarpen berantiarraren aringarria ezarri diete guztiei.

"Errelatoaren garaipena"

Auzi saioaren amaieran, AVT elkarteko abokatuak, Carmen Ladron de Guevarak, prentsaurrean adierazi du akusazioen onarpen horiek "garrantzia handia" dutela, "bai juridikoa eta baita errelatoari dagokionean ere". Hala, adierazi du elkartearentzat "garrantzitsua" dela epaiak "agerira ateratzen duena": "Frogatuta gelditu da ETAren agindupean aritu den espetxe fronte baten existentzia".

Espetxealdia Zulueta eta Enparantzarentzat

Fiskalarekin egindako akordioaren barruan espetxera joan beharko dute Zuluetak eta Enparantzak. Xake operazioaren barruan, 2014. urteko urtarrilean atxilotu zituzten. Behin-behineko espetxealdian izan ziren orduan, epaiketa itxaron bitartean. Iturri judizialen arabera, "laster" espetxeratuko dituzte biak, "falta zaien bost hilabeteko zigorra betetzera".

Lan eta kargu publikorako inhabilitazioak

Kartzela zigorrez gain, lan eta kargu publikorako inhabilitazio zigorrak ere bete beharko dituzte auzipetuek. Zuluetaren kasuan bost urtekoa izango da inhabilitazioa, eta Enparantzaren kasuan, lau urtekoa. Gainontzeko guztien kasuan, hiru urteko inhabilitazioa ezarri diete.

Urtebeteko zaintzapeko askatasuna "espetxe frontearentzat"

"Espetxe frontea" osatzea egozten zieten auzipetuek onartu egin dute urtebeteko zaintzapeko askatasuna. Zuluetaren eta Enparantzaren kasuan, behin espetxe zigorra beteta, urtebetean izango dituzte zaintzapean.