Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoan, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatu ditu udalak; baliabiderik gabeko pertsonentzako han-hemenka antolatzen diren elkartasun-afariak. Aurreko astelehenean izan zen ekimenaren kontrako protesta faxista bat Egian, eta erreakzionarioekin bat eginda, horren ondotik ezarri zuen debekua udalak.
Gaur arratsaldean, ordea, jende andana atera da kalera Donostian: udalak elkartasunari jarritako debekua salatzeaz gain, arrazakeriaren eta faxismoaren kontra mobilizatu dira. Egiako Blas de Oterotik hasi da manifestazioa, eta udaletxe aurrean amaitu da.
Arrazakeriaren, klasismoaren eta faxismoaren gorakada
"Donostian areagotu diren jarrera arrazista, klasista eta faxistak" seinalatu dituzte antolatzaileek manifestazioaren bukaeran, eta ohartarazi dute "joera horren muturreko adierazpenak" izan direla Trintxerpeko eta Egiako azken gertakariak. "Azken honetan, afari solidarioak segurtasun-arazo bat direlako akusazio faltsua zabaldu dute erreakzionarioek. Baita pasa den astelehenean egindako afari solidarioa erasotu ere", jarri dute testuinguruan.
Hala, udalaren azkena bezalako erabakiek "arrazismoa eta klasismoa indartu besterik ez" dutela lortzen nabarmendu dute: "Faxistek egindako aldarrikapenari hurrengo egunean udalak men egiteak erreakzionarioak hauspotzen ditu".
Polizia, arazoaren parte
"Donostian sortutako testuingurua Poliziaren esku-hartzeari esker konponduko dela uste duten horiei zera esan nahi diegu: Polizia ez da konponbidearen parte, arazoaren parte baizik", azaldu dute gaur.
Horren "erakusletzat" jo dituzte "Donostian Poliziak izandako jarrerak"; hala nola, "kale egoeran bizi diren migranteen aurkako etengabeko jazarpena, bortizkeria arrazista eta klasistari bidea libre uztea, faxistekin kolegeoa sustatzea" eta abar.
Arazoaren zergatietara jotzeko beharra
"Aterabide errealak" izateko, arazoa sortzen duten zergatiei" heltzea beharrezkoa dela aldarrikatu dute gaurko mobilizazioaren deitzaileek. Eta, bide horretan, bi zeregini egin diete azpimarra.
Batetik, esan dute ezinbestekoa dela "faxismoak ideia klasistak zein arrazistak hedatzeko baliatzen dituen bitartekoei aurre egitea"; adibidez, "kale egoeran bizi direnak jipoitzeko antolatzen diren brigadei" eta "elkartasun antolatua oztopatzeko eta militante antifaxistengan beldurra eragiteko iragarri dituzten mobilizazioei".
Bestetik, baina, funtseskotzat jo dute "pobreziatik ihesi migratu behar izan duten eta Euskal Herrira iristerakoan muturreko bazterkeriarekin topo egin duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen alde borrokatzea"; "etxebizitza eskubidearen alde", "elikadura eskubidearen alde", eta, finean, "pertsona orok kalitatezko bizitza edukitzeko duen eskubidearen alde".
Pobreziaren eta faxismoaren kontra
"Bada garaia proletarioak eta migranteak etsai gisa seinalatzeari utzi, eta pobrezia estrukturalaren zein migrazioaren kausak eragiten dituzten agenteak etsai gisa seinalatzen hasteko", gaineratu dute manifestazioaren amaieran. Hala, exijentzia bat egin diote udalari: "Utzi migrante proletarioak zigortzeari eta elkartasuna debekatzeari, eta hasi pobrezia zein faxismoa desagerrarazteko bitartekoak jartzen".