Jardunaldi Sozialistak prestatu ditu Deba Bailarako Gazte Koordinadora Sozialistak hilabete honetarako. Bi eguneko egitaraua antolatu dute bailarako kideek, eta Bergarako (Gipuzkoa) Kartzela Zaharrean egingo dituzte ekimen gehienak.
Urriaren 10ean, larunbata, emango diote hasiera egitarauari: "okupazioaren aurkako kanpaina" izango dute hizpide arratsaldean, eta gero, "DJekin girotutako parrilada" izango da. Handik astebetera jarraituko dute jardunaldiekin, urriaren 17an, goizetik hasita: mendi martxa egingo dute Bergarako plazatik Asentziora, gero, bazkaria izango da Kartzela Zaharrean, eta arratsalderako, faxismoaren inguruko hitzaldi bat antolatu dute.
BAILARAN SUSTRAITZEN
Bailarako GKSko kideek azaldu dutenez, "testuinguruaren eta koiunturaren inguruko analisi eta hausnarketa politikoa egitea" izango dute helburu Jardunaldi Sozialistetan. Oraingoan, hain zuzen, okupazioaren eta faxismoaren azterketa hartuko dituzte abiapuntutzat hitzaldietan.
Bestalde, baina, tokiko "komunitate politikoa sendotzea" ere hartu dute helburutzat. Horri lotuta prestatu dute aisialdirako eskaintza jardunaldietan.