Irungo (Gipuzkoa) Mercadona supermerkatuko langile bat kaleratua izan da, bere lan sindikalagatik. Salatu dutenez, kaleratzea justifikatzeko, "baja-iruzur bat" egin izana egotzi dio enpresak, langilea bajan izan baita azkenaldian. Baina aitzakia gehiago ere erabili ditu supermerkatu-kateak: "diziplina-arazoak" eta "borondate falta" leporatu dio Mercadonak. Ustezko arrazoi horien "oinarri falta" salatu dute langileek, ordea.
Antza denez, ez da ordezkari sindikala botatzen saiatzen diren lehen aldia. 46 urteko langileari "lanpostua uzteko eskaintza bat" egin zion enpresak aurretik, eta, hark ezezkoa eman ondoren, kaleratu egin du. Ekainaren 6an, ostegunean, elkarretaratzera deitu dute Irungo Mercadonan, goizeko 11:00etarako.
Mercadonak sindikalismoa jazartzen du
Antolatzen diren langileak sistematikoki jazartzen ditu Mercadonak. Iaz, langile bat kaleratu zuen kateak, A Coruñan (Galizia); ordezkari sindikalista izan gabe, lan sindikalean "aktiboa" zela azpimarratu zuten bere kideek. Antolatzeagatik zigortu zuten langilea, eta, bere kideen arabera, gainontzeko langileak "ikaratzeko" kaleratu zuten.
Urteetan zehar antzeko hainbat kasu azaleratu dira: 2007an langile bat jazarri zuten Villalbako (Galizia) Mercadonan eta, beharginek egoera salatu bezain laister, kaleratu egin zuten; 2013an Malagako (Andaluzia) ordezkari sindikal bat kaleratu zuten, kideek ordezkari gisa hautatu bezain pronto; 2017an, berriz, behargin ordezkari bat "faltsukeriak eta zentzugabekeriak" argudiatuta kanporatu zuten.
Kaleratzeez gain, enpresaren politika jazarpen sindikalean oinarrituta dagoela salatu dute langileek. Haien esanetan, "funtzio sindikalak" izateko "zailtasunak ipintzen" ditu Mercadonak, bai eta "kontziliaziorako trabak, egutegi aldaketak, tratu desegokia" eta abar luze bat ere.