ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/03 19:18

Iruñerriko (Nafarroa) Gazte Koordinadora Sozialistako hainbat kidek agerraldia egin dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Modu horretan salatu dute, azken asteetan, lan politikoa egiteagatik gazte ugarik jasan duten errepresioa. GKSk mobilizazio bana zeukan antolatuta aurreko larunbaterako Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean, "bankarien eta enpresari handien ofentsiba" salatzeko, eta hamaika militantek jardun dute manifestazio horiei begirako lanean azkenaldian. Zehazki, horretan ari zirela jo dute haien aurka polizia-indarrek.

GKSk jakinarazi duenez, azkenaldian 50 lagunetik gora identifikatu eta isundu dituzte Iruñerrian propaganda politikoa egiteagatik; besteak beste, urtarrilaren 28ko manifestazioei buruzko eskuorriak banatzeagatik edo manifestazioetara deitzeko pankartak nahiz kartelak kalean jartzeagatik. "Poliziaren jazarpen sistematikoa jasan dugu azkeneko asteetan: propaganda ekiditeko presentzia poliziala handitu dute auzoetan eta herrietan, poliziaren gehiegikeria kartelak jartzen ari ziren kideen aurka, eta abar", azaldu du GKSk.

Gogorarazi du, gainera, urtarrilaren 28an bertan ere polizia-kontrolak izan zirela errepideetan, eta Iruñeko manifestaziora bidean ziren hainbat autobus geratu zituztela. Ipar Euskal Herritik, Bidasoatik zein Sakanatik Iruñera zihoazen autobusak geratu zituen poliziak, eta barruan zihoazen pertsonak identifikatu eta miatu zituen.

"Lan politikoa egiteagatik milaka eta milaka euroko isunak jasoko ditugu eta, hortaz, gertakizun horiek askatasun politikoen urraketen adibide argiak direla salatu nahi dugu", diote GKSko kideek. Azken erasoak salatzeko kanpaina bat jarriko dute martxan laster, eta izango diren isunei aurre egiteko hainbat ekimen antolatuko dituzte; hala nola, laguntza bonoak eta jaialdiak. Bestalde, ekarpen ekonomikoa egin nahi duen ororentzat dago eskuragarri ondoko kontu korrontea: ES08 3035 0357 1035 7001 3197.

NO HAY COMENTARIOS