ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/29 09:42

Irunen (Gipuzkoa), pertsona migratuak seinalatzeko mobilizazio-deialdi erreakzionario baten berri izan zen joan den larunbatean, sare sozialen bidez. Izan ere, arratsaldeko 17:00etarako, San Juan plazara bertaratzeko dei bat zabaldu zuten herrian, bertan gertatu diren azken bi hilketak aitzakia modura erabilita. Euskal Herriko hamaika herritan gertatzen ari den modura, segurtasunaren izenean egin zuten protesta-deialdia.

Dozenaka pertsona batu ziren elkarretaratze horretara, baina beste hainbat eta hainbat lagunek kontra-mobilizazio bat egin zuten plazan bertan, diskurtso arrazistei eta faxistei ezetz esateko. Ertzaintza ere bertan izan zen, kalez jantzitako poliziak barne, eta kontzentrazio arrazistaren kontra protestan ari ziren bi pertsonaren aurka jo zuen: zigor-espediente bana ireki diete polizia-indarrek.

Kontra-mobilizazioan parte hartu zutenek azaldu dutenez, "azken asteotan jazotako hilketei etekina atera nahian, sare sozialetan irain arrazistak eta mezu baztertzaileak aritu dira zabaltzen elkarretaratzearen deitzaileak". Argitu dute, gainera, ez dutela inola ere "talde ultraeskuindarrekiko atxikimendua ezkutatu" Instagrameko euren kontuan eta Telegrameko kanalean. Izan ere, besteak beste, Vox alderdi faxistarekiko edo Desokupa talde parapolizialarekiko atxikimendua erakutsi dute horietan. Eta, inolako zalantzarik baldin balego, Hondarribiko (Gipuzkoa) PPko zerrendaburua ere izan zen elkarretaratze arrazistan.

NO HAY COMENTARIOS