Iruñeko (Nafarroa) Misericordia adinekoen etxeko langileek apirilaren 21ean greba egingo dutela jakinarazi zuten joan den ostegunean, prentsaurreko baten bidez.
2020ko abenduan iraungi zen lantokiko lan-hitzarmena eta, horren ondorioz, Misericordiako langileen eta enpresako zuzendaritzaren arteko negoziazioak hasi ziren martxoan. Azkeneko bi bileren ostean erabaki dute greba egitea beharginek, salatu baitute zuzendaritzaren jarrera ez dela "egokia" izan.
Egoitzako langileek salatu dutenez, zuzendaritzak "bi bide inposatu" dizkie: bata, "negoziaziorik zein hobekuntzetarako bermerik ez izatea eta aurreko hitzarmena bi urtez izoztea" eta, bigarrena, "antzinatasuna edota egutegien banaketa bezalako eskubideak deuseztatzea".
Langileek salatu dute pandemiaren egoerak "fisikoki, psikikoki eta ekonomikoki" gogortu dituela soldatapeko zaintza-lanak. Egoera horren aurrean, azaldu dute zuzendaritzak ez duela asmorik hitzarmen berririk egiteko eta, aitzitik, langileek lortutako eskubideak urratu nahi dituela diote. Hala, apirilaren 21ean grebara jo eta haien eskaerak jasoko dituen hitzarmen berri baten alde egingo dute.