ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/14 12:02

Iruñean (Nafarroa), aurten ere pertsona ugari daude behartuta gaua kalean egin behar izatera, "baldintza inhumanoetan". Aste honetan salatu dute egoera Iruñerriko hainbat kolektibok, hala nola Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Apoyo Mutuok, Dar Etxeak, Elkartek, Harituk, Lantxotegik, Oxfam Intermonek, PIMek, Salhaketak eta SOS Arrazakeriak. "Beste urte batez egoera hori berriro nola errepikatzen den ikusteak sortzen digun suminari baieztapen bat gehitu behar zaio: baliabideetara sarbidea izateko arauek, zeinak instituzioek erabakitzen dituzten, kanpoan uzten dituzte pertsona asko, eta kalean bizitzen jarraitzera bultzatzen dituzte", azaldu dute.

Kale-egoeran dauden pertsonek, Iruñeko baliabide publikoetara sarbidea izan nahi badute, frogatu behar dute gutxienez urtebete daramatela hirian bizitzen. Hori erakutsi ezin dutenak baztertu egiten dituzte. "Beharrezkoa da hori guztia gainditzea eta pertsona guztien oinarrizko eskubideak bermatzea, haien egoera edozein dela ere", seinalatu dute aipatutako kolektiboek: "Kontua da pertsona guztiak eskubideen subjektu gisa aitortzea, eta ez momentuko administrazioak nahi bezala birdefinitzea nork merezi duen duintasun handiagoz edo txikiagoz bizitzea". Ohartarazi dute, gainera, "arazoaren dimentsioa areagotzen" ari dela, "pobretze orokortuak" bultzatuta. Egoera horretan, "oinarrizko eskubideetan aurrera egin" ordez, atzerapausoak izaten ari direla iritzi diote.

Antolakuntza independentea kriminalizatzen ari da Iruñeko Udala

"Egiturazko biolentziak" markatutako egoera horretan, salaketa bateratua egin duten taldeek "kezkaz" begiratzen diote instituzioen jarrerari, zehazki, EH Bildu buru duen Iruñeko Udalaren jarrerari: "Instituzioek, Iruñeko Udaleko gizarte-langileek aurkeztu berri duten komunikatuan bezala, fokua desbideratzen dute kolektibo eta entitate sozialen laguntza eta lana seinalatzeko". Izan ere, etxebizitzaren arazoak kaltetutako pertsonekin lan egiten dutenek jasandako "mehatxuak" aitzakiatzat hartu ditu udalak, eremu horretan jarduten duten kolektiboak eta sindikatuak kriminalizatzeko eta haiekiko etsaitasuna sortzeko.

"Bide instituzionaletatik kanpo antolatzeko eta protesta egiteko eskubidea" aldarrikatu dute aipatutako eragileek, bai "bazterketa sozialeko" egoeran dauden pertsonentzat bai kolektiboentzat. Erreibindikatu dute, hala, "protesta-eskubideak" ez duela talka egiten "gizarte-langileen eskubideekin". Eta erantsi dute: "Eskubide horiek elkarrekin bizitzeko modua ezin dute instituzioek erabaki eta inposatu, eta ezin dira inola ere kriminalizazioan, errepresioan eta sekuritizazioan oinarritutako neurriak izan".

Horrekin batera, hainbat exijentzia egin dizkiote Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari, euren erantzukizuna euren gain har dezaten. Nafarroako Gobernuari exijitu diote "kale-egoeran dauden pertsona guztiei ostatu eman eta elikadura berehala bermatu" diezaiela, eta "horretarako eskura dauden baliabide guztiak gaitu" ditzala; "bai bizitokiak, bai jantoki sozialak". Iruñeko Udalari eta eskualdeko agintaritzei exijitu diete, bestalde, "etxerik gabeko pertsonen erroldatzea eta estaldura bermatu eta gauzatu" ditzatela, "Iruñean edo dagokion udalerrian bizitzen daramaten denbora edozein dela ere". Azpimarratu dute, hala, hotzaren aurkako protokolotik harago doala arazoa, eta "baldintzatzaile askok" eragiten dutela hainbeste jendek gaua kalean egin behar izatea.

NO HAY COMENTARIOS