"Israelek AEBen laguntzaz eta Mendebaldeko potentzien konplizitatearekin Iranen kontra abiatutako ofentsiba salatzeko", mobilizatzera deitu du aste honetan Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Atzo, ostegunez, Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) egin zituen mobilizazioak, Israel desegin: Iranen aurkako eraso inperialista gelditu! lelopean. Gaurko, berriz, Bilbon antolatu du protesta bat: 19:00etarako jarri du hitzordua, Areatzan.
Plataformak gogora ekarri duenez, Israelgo Estatuak ekainaren 13an hasi zuen Iranen aurkako erasoaldia, eta Amerikako Estatu Batuek egin zuten bat gero. "Arma nuklearren garapena izan da bonbardaketen eta erasoen aitzakia; aitzakia ezaguna, Asia mendebaldeko herrialdeen aurkako operazioak justifikatzeko erabilia izan dena aurretik", seinalatu du.
Iritzi dio, ordea, "argia" dela benetako "helburua": "Mendebaldeko inperialismoak Asia mendebaldea kontrolpean mantendu nahi du, eta horrela ulertu behar da Iran desegonkortzeko asmoa". Gaineratu duenez, "baliabide energetiko eta merkataritza-ibilbide estrategikoak dituen eskualde hori kontrolpean izateko baldintza nagusietako bat da Israelgo Estatuaren nagusitasun militarra"; eta, horretarako, "AEBen kontrolpeko bloke inperialistarentzat", funtsezkoa da "Israel arma nuklearrak dituen bakarra izatea".
Europaren kolaborazioa
Palestinarekin Elkartasunak oroitarazi du, azken hamabi egunetan, estatu sionistak gutxienez 300 zibil erail dituela Iranen eta beste 900 Gazako Zerrendan. Dena den, AEBen parte-hartze zuzenaz gain, "Europako herrialdeen kolaborazioa ere argia" dela nabarmendu du. "2023ko urrian egin bezala, erasotzailearen eta erasotuaren rolak alderantzizkatu eta Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu dute. Ia bi urtez ikusi dugu nola 'defendatzen' den Israel: populazio zibilari gupidarik gabe erasotuz, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila eraildako zuzen eraginez eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz", dio plataformak.
Gainera, salatu du Europak ez dituela hitzez soilik "indartu" Israel eta AEBak: "Espainiako Estatuak Estatu Batuen bonbaketari militarrak Moron eta Rotan hedatzea baimendu du, Iranen kontrako erasoa erraztuz. Hori gutxi ez, eta aste honetan gastu militarra izugarri igotzea onartu dute NATOko herrialdeek, euren hegemonia galeraren testuinguruan, etorkizunean ofentsiba inperialistak abiatzeko aukerak indartzeko".
"Atzean geratu dira Nafarroako, Espainiako eta Europako agintariek Israelekin harremanak etetearen inguruan egindako adierazpen hutsalak", plataformaren esanetan: "Argi genuen adierazpen horien izaera faltsua, baina haiek ere agerian utzi dute aliatu preferentziala Israel dela". Kontrara, "herri palestinarrarekiko eta eskualdeko herri langileekiko elkartasunez", defendatu du ezinbestekoa dela "Israelen desegitea mahaigaineratzea", "irmotasunez".