ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2026/02/04 09:26

Irango Errepublika Islamikoak onartu egin du AEBekin elkarrizketa nuklearrak berriz hastea, baldintza batzuen pean. Donald Trumpen administrazioak joan den udan Irango hiru instalazio nuklear bonbardatu zituenetik lehen negoziazioak izango lirateke, iturri diplomatikoek CNN-ri jakinarazi diotenez. Elkarrizketak aste honetan izan daitezke Omanen edo Turkian, egoitzari, parte-hartzaileei eta agendaren irismenari buruzko desadostasunen ondoren. Formatua, gainera, ez dago garbi oraindik. Etxe Zuriak baieztatu du hartu-emanak "aurrera" jarraitzen duela, baina berretsi du aukera militarrak ere mahai gainean jarraitzen duela oraindik, bide diplomatikoak porrot egiten badu.

Masoud Pezeshkian Irango presidenteak esan du baimena eman diola Abbas Araghchi Atzerri ministroari negoziatzeko, baina soilik "ingurune egoki bat baldin badago, mehatxurik eta itxaropen zentzugaberik gabe", X plataforman idatzi duenez. Pezeshkianek nabarmendu du elkarrizketak "interes nazionalen esparrura" mugatu beharko direla eta "eskualdeko gobernu lagunen eskaeren ondoren" izango direla. Hala ere, azken hitza Ali Jamenei buruzagi gorenari dagokio Iranen, eta igandean ohartarazi zuen AEBen eraso berri batek eskualdeko gerra bat eragingo zuela.

Azken asteotan, hegazkin-ontzi eta gerra-ontzi talde bat bidali du Trumpek Iranera, bertako gobernuak akordio nuklear berri bat onartzen ez badu, erasotzeko prest dagoela esanez. CNN-ren arabera, Etxe Zuriak Irango buruzagien, instalazio nuklearren eta estatuko erakundeen aurkako eraso posibleak ere aztertu ditu. Aldi berean, Iranek bere instalazio nuklearren babesa indartu du, lur azpiko eraikuntzan sakondu du eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen (IAEA) ikuskapenak eragotzi ditu. Erakunde horrek ohartarazi zuen Teheranek uranioa %60an aberasten duela, arma nuklearrik gabeko herrialde batek inoiz izan ez duen maila bat.

Bien bitartean, Israelek presioa egin dio Washingtoni bere jarrera gogortu dezan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak Steve Witkoff AEBetako mandatariari adierazi dionez, Iranek "behin eta berriz erakutsi du ezin dela bere promesekin fidatu". Netanyahuk dio Teheranek ez duela akordiorik "beteko", Trumpek hainbat ildo estrategikotan negoziatzeko planteatutako baldintzen harira. Baldintza horien artean daude Iranek uranioa ez aberastea, misil balistikoen programa mugatzea eta "Erresistentziaren Ardatza" deituriko eskualdeko aliatuei laguntzarik ez ematea.

Bi aldeek ziurtatu dute elkarrizketak ostiralean hasiko direla berriro, presio militar eta diplomatiko bete-betean, eta badirudi eskualdea kolapso belikoaren atarian dagoela.

NO HAY COMENTARIOS