ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EITB
2024/04/26 10:06

Aurreko igandeko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen datu ofizialen arabera, parte-hartzea %62,52koa izan zen, eta abstentzioa, berriz, %37,48koa. Atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-errolda kontuan hartuta, ordea, balantza apur bat gehiago mugitzen da abstentzioaren aldera: %59,4ko parte-hartzea eta %40,6ko abstentzioa. Kopuru hori inoizko abstentzio handiena da, pandemiak zeharkatutako 2020 hura salbuetsita, non parte-hartzeak ozta-ozta gainditu zuen %50,78ko gehiengo formala. Tituluetara salto egin duten zifrak, ordea, lehenbizikoak izan dira; dena delakoagatik.

Baina aurtengo parte-hartzearen daturik "onenak" eskuan hartuta ere, %37 inguruko abstentzio ofizial hori batez besteko historikotik gora kokatzen da  hauteskunde autonomikoen segida historikoan. Izan ere, azken hauteskunde hauetan agerian geratu da 2020ko bozetako abstentzio ezohikoa ez zuela pandemiak bakarrik azaltzen. Alderantziz, parte-hartzearen beheranzko joera berezkoa eta iraunkorra izaten ari da. Hemen fenomeno konplexu horren inguruko gako batzuk eskainiko ditugu: batetik, abstentzio tasaren kontzeptua problematizatu eta zifra errealagoak aurkeztuko ditugu, eta bestetik, erakutsiko dugu abstentzio tasarik altuenak auzo txiroenetakoak direla.

2001ean jo zuen goia parte-hartzeak, %79arekin, eta, geroztik, jaisten joan da urtez urte

Parte-hartzearen aurtengo datua igo egin da 2020koarekin alderatuta, eta hori aitzakiatzat hartuta poztu dira alderdi politiko profesionalak eta komunikabideak. Dena den, iragan igandekoa bezalako parte-hartze datuak topatzeko, 1980ko eta 1994ko hauteskundeetara jo beharko genuke, parte-hartzea %59,8koa eta %59,7koa izan zenean, hurrenez hurren. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarreko hauteskunde guztien batez besteko parte hartzea %65,4koa da; aurtengo datu ofizialetik oso urruti, beraz. 2001ean jo zuen goia parte-hartzeak, %79arekin, eta, geroztik, jaisten joan da urtez urte. Are gehiago, 2009tik, abstentzioa ez da %35etik jaitsi.

Abstentzio tasa erreala, zifra ofizialen atzean

Aipatutako zifra guztiak Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak dira, eta zifra ofizialek luparekin behatzea merezi dute beti. Kasu honetan, abstentzioa zenbatzeko metodologia nahiko zalantzagarria da, hasteko, hiru lurraldeetan bizi diren milaka helduk ez dutelako bozkatzeko eskubiderik; Espainiako Estatutik kanpoko etorkinek, gehienbat. Hemen, talde sozial horren gutxieneko kuantifikazio bat egin dugu errolda-datu orokorretatik abiatuta, eta horrekin ondorioztatu dugu abstentzioaren zifra errealago bat.

Datu absolutuetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi direnen hautesle-errolda 1.712.301 pertsonakoa izan da hauteskunde hauetan. Horietatik 1.070.467k bozkatu dute, eta 641.834 abstenitu egin dira. Espainiako Estatuko Estatistika Institutuaren (INE, gaztelaniazko sigletan) 2023ko azken zifra ofizialen arabera, ordea, gutxienez 2.216.302 pertsona bizi ziren hiru herrialdeetan. Batek baino gehiagok pentsa lezake adin txikikoei zor zaiela aldea, eta hein batean hala da, baina horrek ez du hutsune guztia azaltzen, errolda ofizial osotik 350.318 baino ez baitziren adin txikikoak.

Beraz, 1.865.984 pertsonako biztanleria heldu osoaren artean badira hauteskunde-erroldatik kanpo geratzen diren 153.683 heldu ere, gutxienez. Datu horietatik ondorioztatzen da parte-hartze tasa erreala %57,3 ingurukoa izan dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako helduen errolda osoaren gainean, eta ez %62,52koa, zifra ofizialak dioen bezala. Bestela esanda, bataren eta bestearen arteko ehuneko 5,22 puntuko alde horrekin, benetako abstentzioa gehiago hurbiltzen da %42,7ra, %37,48ra baino.

Benetako abstentzioa gehiago hurbiltzen da %42,7ra, %37,48ra baino

Hala ere, "gehiengo soziala" definitzerakoan are zorrotzagoak bagara, eta adin txikikoak ere kontuan hartzen baditugu, argi ikusten da azken hauteskundeetan %48k baino ez dutela bozkatu, hiru herrialdeetan ofizialki bizi diren 2.216.302 pertsonen artean. Eta aurreko guztiari gehitzen badiogu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatu gabe edota egoera irregularrean bizi diren pertsonen kopuru ezezagun bat dagoela, ondorioztatzen da abstentzio tasa erreala %37,48ko zifra nominal hori baino askoz ere handiagoa dela. Beraz, hautesleek duten zentraltasun sozial, mediatiko eta politikoa gorabehera, ez dira inola ere "gizartearen gehiengoa"; alderantziz, botoa ematen duten pertsonak gutxiengoa dira.

Abstentzioa, auzo txiroetako bizilaguna

Miseria materiala dagoen tokian, instituzioekiko desatxikimendua dago, azken hauteskundeetako emaitzak horren lekuko. Horretaz konturatzeko, hiriburuetako auzoak errenta-mailaren arabera hartu eta horrek abstentzio tasarekin duen korrelazioa aztertzea besterik ez dago. Kasu honetan, errentaren araberako hiruna auzo txiroenak eta aberatsenak hautatu ditugu Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Korrelazio zuzena dagoela auzorik txiroenen eta abstentzio tasa altuagoen artean

Emaitzek argi eta garbi erakusten dute korrelazio zuzena dagoela auzorik txiroenen eta abstentzio tasa altuagoen artean. Kontrakoa gertatzen da, ordea, errenta altuko auzoetan, non abstentzio tasak askoz ere txikiagoak diren. Errentaren aldagaiaz gain, harreman berbera erakusten dute proletariotzari lotutako beste zenbait aldagaik: gero eta biztanleria migratu gehiago, ikasketa maila baxuagoa edota langabe proportzio handiagoa, orduan eta abstentzio tasa handiagoa; eta alderantziz.

Azterlan hau egitean, arazo metodologiko esanguratsu bat topatu dugu: zaila da abstentzioa auzoka kuantifikatzea, botoak errolda-atalen arabera zenbatzen direlako, ez auzoka. Metodologia horrekin, hein handi batean estaltzen dute auzo pobretuen eta abstentzio tasa altuen arteko korrelazioa. Auzo aberatsak eta pobreak errolda-atal berean nahastuta, batez besteko artean disimulatzen dituzte abstentzio tasarik altuenak. Donostian, esaterako, errolda-atal berean daude hiriko errenta altuena duen Miramon auzoaren zati handienetariko bat eta Martutene auzoa, Donostiako errenta baxuenetarikoa duena.

Gero eta biztanleria migratu gehiago, ikasketa maila baxuagoa edota langabe proportzio handiagoa, orduan eta abstentzio tasa handiagoa; eta alderantziz
NO HAY COMENTARIOS