ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/13 13:26

Euskal Herriko industrian iragarri diren itxiera eta kaleratze masiboen harira, adierazpen bat argitaratu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), mezu argi batekin: industrien itxierari klase gisa aurre egitera deitu du. "Europako hainbat industriaren itxierak jada hamarmilaka langile utzi ditu kalean Alemaniako eta Frantziako estatuetan, eta Euskal Herrian ere arrasto handia uzten hasia da", ekarri du gogora.

Itxiera eta kaleratze kolektiboez gain, milaka behargini ezarri dizkieten enplegu-erregulazioko espedienteez ohartarazi du, batez ere, hainbesterentzat "lan-egutegiaren parte bihurtu" diren aldi baterako espedienteez. "Lanposturik gabe edo hura galtzeko arriskuan dauden langileen zerrendak luzatzen jarraitzen du egunez egun", azaldu du EHKSk, "ezegonkortasun erabatekoan" dauden hamaika langileei elkartasuna adieraztearekin batera. 

Egiturazko krisia Europan

Hainbeste behargini zuzen-zuzenean eragiten ari diren murrizketa horiek "Europako industria-ereduaren egiturazko krisiarekin" lotu ditu antolakundeak, seinalatu baitu "zentro inperialista gisa duen posizioa galtzen" ari dela Europa. Baina argitu du, beste hainbat aldiz esan bezala, langile-klasea izango dela "horren ondorioak pairatuko dituena". Izan ere, Hego Euskal Herrian industriak duen garrantziari egin dio azpimarra, "ongizate estatua deiturikoaren zutabe zentraletako bat" izan dela ulertuta. Industriaren desagerpenak, beraz, "azken urteetako proletarizazio-prozesua sakonduko" duelakoan dago EHKS.

"Deslokalizazioaren eta enpresa itxieren mehatxuak [...] lan-baldintzak okertu eta soldata-murrizketak inposatzeko xantaia gisa erabiltzen dituzte enpresariek", salatu duenez: "Kaleratzeen alternatiba gisa lanpostuen malgutasuna normalizatzen eta instituzionalizatzen ari dira, laneko legedia enpresarien interesetara moldatuz". Eta erantsi du, modu horretan, enpresaburuen "irabaziak langileen soldaten kontura handitzen" ari direla. 

Egiturazko krisiari aurre egiten saiatzeko, Europako oligarkia "berregituratze ekonomiko handi bat sustatzen" ari dela nabarmendu du EHKSk, eta "bi norabide" dituela horrek: batetik, "estrategikoak diren puntako sektore errentagarrietan inbertsio handiak egitea", "lehiakortasuna berreskuratzeko asmoz" (armagintzan eta energia berriztagarrietan kasu), eta, bestetik, "hain errentagarriak ez diren sektoreak albo batera uztea, deslokalizazioa eta itxiera bultzatuz".

Alderdien eta tokiko gobernuen maniobrak

Antolakundeak gaitzetsi du, hori gutxi balitz, "oligarkia europarraren plan estrategiko horiek Europar Batasunak bultzatzen" dituela, "alderdi politiko nagusien babesarekin". Eta gaineratu du: "Sozialdemokrazia, eskuineko alderdiak eta eskuin muturrekoak ari dira aipatutako berregituratze-prozesu hori babesten".

Dena den, EHKSk xehatu du, lekuan leku, "oso bestelakoa" dela "alderdi horiek egiten duten politika". "Europan babesten dituzten berrindustrializazio-politiken ondorioen aurrean, gobernu bakoitza bere lurraldeko industria babesten ahalegintzen da, tokian toki krisiaren inpaktu ekonomikoa murriztu nahian", zehaztu du: "Hala ere, instituzio autonomiko eta estatukoek ez dute kapital handiaren erabakien aurrean maniobra-gaitasunik, ezta botere errealik ere, eta horrela, krisiaren kudeatzaile soil bihurtzen dira".

EHKSk adibide modura aipatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Industriaren defendatzaile modura agertu nahi du horretarako gaitasunik ez duen arren, eta itxiera-prozesuan dauden enpresetako langileei etengabe eskatzen die beraiengan konfiantza izan dezaten". Hala ere, ohar egin du antolakundeak: "Alderdi politikoen eta gobernuen rolak distortsionatu egiten du egoeraren erantzulea, baita egoerari aurre egin behar dion subjektu politikoaren izaera ere".

Klase-batasunez aurre

EHKSk aldarrikatu du, hala, "langileon eginbeharra" dela "klase-batasunez eta elkartasunez jardutea orokortzen ari den industria-krisiaren aurrean". Eta honela sakondu du: "Zuzenean kaltetuak diren langileez haratago, jopuntuan daudenak langile-klase osoaren bizi- eta lan-baldintzak dira, beraz, klase gisa erantzutea dagokigu". Uste du burgesiak "kezka eta beldurra zabaldu" nahi dituela langilerian, "alternatibarik ez dagoela sinetsarazteko eta desmobilizatzeko". Kontrara, EHKSk azpimarratu du "erantzule zuzenak" dituela egoerak; hain zuzen ere, "oligarkia europarra eta haren menpeko agintari eta alderdi politikoak".

Horiek horrela, funtsezkotzat jo du "enpresariekiko, gobernuekiko eta instituzioetako alderdiekiko independentea den eta bere indar propioz jardungo duen langile-mugimendua egituratzea eta indartzea"; eta, horretarako, "industria-krisiaren aurrean langileria borrokara batzea". Norabidea argia izango litzateke EHKSren hitzetan: "Irabazi kapitalisten eta langileon ongizatearen arteko kontraesana gero eta handiagoa den honetan, ongizate unibertsala bermatuko duen alternatiba sozialista eraikitzea". Hala, izaten ari den krisi-egoera sakonean, "mobilizatzera eta langileok modu independentean elkartasunez jardutera" deitu du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak.

NO HAY COMENTARIOS