ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/25 09:19

Gaur goizean, Deustuko (Bilbo, Bizkaia) zubian protesta-ekintza bat egin du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: bertako errepidea moztu du, indarkeria matxista salatzeko eta horri aurre egitera deitzeko. Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da gaur, eta Itaiak nabarmendu du "borroka eguna" dela honakoa; "indarkeria matxistak sorrarazten digun haserrea adierazteko eta horren aurka borrokatzeko urgentzia plazaratzeko eguna".

Azaroaren 25a "indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jartzeko eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatzeko" baliatu nahi du Itaiak. Horretarako, mobilizazioak antolatu ditu gaur arratsalderako, Euskal Herriko 23 hiriburu eta herritan: Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! Sozialismoa eraiki! leloaren pean mobilizatuko dira.

Emakumeon Antolakunde Sozialistak gogorarazi du, aurten, gutxienez bost erailketa matxista izan direla Euskal Herrian, eta iaz, egunean 24 eraso matxistaren berri eman zela Hego Euskal Herrian. Zentzu horretan, "gizarte osoaren inplikazioa" galdegin du, "guztion ardura baita indarkeria matxistaren aurka agente aktibo izatea".

"Erasoen eta erasotzaileen aurrean beste aldera begiratzea ez da aukera bat, guztiok egin behar diegu aurre egunerokoan bizi ditugun eraso matxista horiei guztiei", seinalatu du: "Kontzientziazio-lana egitea dagokigu, gero eta jende gehiago borroka honetara batu dadin".

NO HAY COMENTARIOS