ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/21 10:41

Europan, ez dute etenik immigrazioa zailtzeko eta arriskutsuago bilakatzeko politikek, ez eta horiek areagotzeko eskaerek ere. Europar Batasuneko hamabost estatuk oraintsu egin dute dei bateratu bat, Danimarka buru dela, migrazioari eta asiloari buruzko politikak "kanpora ateratzeko". Auzi horiei dagokienez dimentsio handiagoan eta zabalagoan pentsatzeko eta jarduteko apustua egiten dute, immigrazioaren kontra egiteko, noski.

Maiatzaren 15ean argitaratu zuten gutuna, eta ondoko estatuek sinatu zuten: Danimarka, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Estonia, Grezia, Italia, Zipre, Letonia, Lituania, Malta, Herbehereak, Austria, Polonia, Errumania eta Finlandia.

"Legez kontrako migratzaileen iritsiera sostengaezina" dela esan dute hamabost herrialde horiek, eta horrek "ohiz kanpoko" moduan pentsatu behar izatea dakarrela. Europar Batasunaren parte diren estatuek nahiz herrialde bizilagunek elkarren arteko lankidetza bultzatu beharko luketeela ematen dute aditzera, batez ere, migrazio-bideek gurutzatzen dituzten herrialdeei begira. Seinalatu dute, gainera, beharrezkoa dela Europan "legez kontrako immigrazioa kudeatzeko ikuspegia" aldatzea.

Deportazioak, Europar Batasunetik kanpora

Lau orri ditu adierazpenak, eta estatu-agintaritzen hainbat eginkizun eta eskumen tokialdatzeko proposamenak jasotzen ditu; hain zuzen ere, herrialde bizilagunen esku uzteko eta estatuez haraindiko jarduketa bat sustatzeko. Eta ez estatuez haraindikoa soilik: baita Europar Batasunaz haraindikoa ere, antza. Izan ere, "itsas zabalean dauden migratzaileak erreskatatzea eta Europar Batasunetik kanpoko herrialde kideren batean aurrez zehaztutako leku seguru batera eramatea" proposatzen dute hamabost sinatzaileek.

Idatzian gogo bizia erakusten dute Europar Batasunera migratu nahian ari diren pertsonak euren jatorrizko herrialdeetara deportatzeko; edo, behintzat, Batasunetik kanpora. Bortxazko itzulera-mekanismoak indar daitezela eskatzen dute, eta euren bloketik kanpora izan dadila, behin betiko deportazioak martxan egon bitartean. Ez dute, dena den, toki edo helmuga zehatzik aipatzen: "hirugarren herrialde seguruei" egiten diete erreferentzia.

Lankidetza "global, elkarrentzat onuragarri eta iraunkorren" alde egiten dute teorian; beti ere, migrazio-bideetan zehar dauden herrialdeen eskutik. Horren adibide izango lirateke Europar Batasunak Turkiarekin, Tunisiarekin edo Egiptorekin egindako akordioak, mugetako kontrolak zorrozteko. Italiak eta Albaniak hitzartutako protokoloa ere eredutzat jo dute: horren arabera, Italiako agintaritzek aukera izango dute 36.000 asilo eskaera Albaniara bideratzeko eta kanporatzeko.

Migrazioari eta Asiloari buruzko azken Ituna, indarrean bi urteko epean

Hain justu, duela gutxi onartu du Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun berria Europako Parlamentuak, migrazio-politikei lotutako arau eta jarraibide batzuk ezartzen dituena estatu kide guztientzat. Bi urteko epean sartuko da guztiz indarrean. Itun hori begi onez ikusten dute azken adierazpena argitaratu duten hamabost sinatzaileek, baina uste dute premiazkoak direla "esfortzu osagarri" batzuk, immigrazioaren kontra.

NO HAY COMENTARIOS