Hasi da ikasturtea eskoletan ere, eta Espainiako Estatuko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) ohartarazi duenez, inoizko ikasturte hasierarik garestiena izango da. Batez beste, seme-alaba bakoitzeko, 500 eurokoa izango da eskolara itzultzeari lotutako gastua, eta testuliburuena izango da gastuaren zatirik handiena: 300 euro inguru. Hego Euskal Herrian ikusiko dira estatu mailako gasturik altuenetarikoak.
Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren esanetan, bizitzaren garestitzearen "erakusgarri garbi bat" da eskolara itzulera. "Oinarrizko produktuen prezioen igoerak, soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi du langile klasearen zati handi bat", azaldu du. Egoera horretan, Kontseilu Sozialistako kideek beharrezkotzat jo dute "bizi-baldintzen pobretze orokorrari aurre egiteko dinamikak eta borrokak abiatzea".
Bilketa eta banaketa, datozen egunetan
Asmo horrekin jarri dituzte martxan, hain zuzen ere, ikasmaterial bilketak. Oraingoz, Zumaiako (Gipuzkoa) ikastetxeetan bilduko dute materiala, eta Etxape Zentro Sozialistan jaso ahalko dute gero beharra daukaten familiek. Irailaren 14an eta 15ean, beraz, Zumaiena ikastetxean, Zumaiako Herri Eskolan eta Zumaiako Institutuan bilduko du materiala Kontseilu Sozialistak: koadernoak, boligrafoak, arkatzak, artxibategiak, estutxeak, motxilak, eta abar.
Zenbait egun beranduago, irailaren 18an, Zumaiako Etxape Zentro Sozialistan (Aita Mari auzategia, 16) egongo da eskuragarri bildutako material guztia. Zehazki, 11:00etatik 13:00etara bitartean eta 17:00etatik 19:00etara bitartean banatuko da materiala.
Ikasmaterial bilketaren funtsezko helburua, Kontseilu Sozialistak nabarmendu duenez, "langileon antolakuntza gaitasunak indartzea da", "ekoizpen eredu kapitalista gainditzeko prozesuari lotuta dagoena". "Egungo gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza da ongizate unibertsala lortzeko", gaineratu du.
🟠 IKASMATERIAL BILKETA
— Kontseilu Sozialista Urola Kosta (@Kontseilua_UrKo) August 31, 2023
Datozen asteetan ikasmaterial bilketa egingo dugu Zumaian.
Bizitzaren etengabeko garestitzearen testuinguruan, berebiziko garrantzia du bizi-baldintzen pobretzeari aurre egiteko dinamikak martxan jartzea.
Laister xehetasun gehiago. pic.twitter.com/fYke7YsNRj